Gizartea -

Bilbo

Bilboko Konpartsek Bilboko herritarren "jokabide arduratsua" nabarmendu dute

Aste Nagusia "jende-pilaketarik gabea, alaia, errespetuzkoa, elkar zaintzari begirakoa" izan da, "zalantzarik ez dugu, munduko jai onenen gakoa jendea bera dela".

Bilboko Konpartsetako kideak prentsaurreko batean. EiTBko bideo batetik hartutako irudia.
Bilboko Konpartsetako kideak prentsaurreko batean.
Bilboko Konpartsetako kideak prentsaurreko batean. EiTBko bideo batetik hartutako irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Konpartsek herritarrak zoriondu dituzte, 2020ko Bilboko Aste Nagusian (pandemia zela eta bertan behera utzi behar izan zuten) jarrera eta jokabide arduratsua erakutsi dutelako. Hala ere, kolektiboak ohartarazi duenez, iragan 9 egunetan eraso matxista edo arrazistarik salatu ez bada ere, "ezin dira isildu eta gertatu diren zenbait eraso estali. Gertatu egin dira, baina modu batean edo bestean, ikusezinak dira".

Ohar batean, Bilboko Konpartsek txalotu egin dute herritarren jarrera arduratsua, "jende-pilaketarik gabea, alaia, errespetuzkoa, elkar zaintzari begira" erakutsi dutena, eta, inolako zalantzarik gabe, "munduko jai onenen gakoa jendea bera da", azpimarratu dute.

Konpartsa guztiek batera egindako idatzian gogorarazi dutenez, Aste Nagusia ospatu behar zen egunetan "ohiko 566 jai-ekintzetatik edo Aste Nahasirako prestatuta zeuden 51 ekimen ludiko eta kulturaletatik zero" egin dituzte, "nahiz eta asko eta asko sare sozialen bidez gogorarazi ditugun".

"Jai herrikoiak, herri-kultura eta osasungintza, hezkuntza eta bestelako zerbitzu publikoak" defendatzeko deia ere egin dute. Bide horretan, herritarrei gogorarazi diete "eredu herrikoi, parte-hartzaile eta parekide honen protagonistak" direla. "Denok garelako Aste Nagusia, denok eraikitzen dugulako eredu herrikoia. Hortaz, gonbidapenik ez duzue behar: zuentzat zabalik daude 28 konpartsen ateak", gaineratu dute.

Etorkizunari begira, Bilboko Konpartsek jakinarazi dute, laster, "barne hausnarketa" hasiko dutela, "urtetik urtera hobetzea" bermatuko diena, baina jakitun dira "gutxienez San Tomas eta Aratusteak ez direla erronka errazak izango", COVID-19ak bertan jarraituko duelako, ezustekorik ezean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aste Nagusia Bilbo Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Zazpikaleak Bilbo Bilboko Aste Nagusiko egitaraua Koronabirusa