Gizartea -

Koronabirusa

Koarentenan dauden umeen gurasoei baja ematea aztertzen ari da Espainiako Gobernua

Seme-alabek PCR proban positibo ematen dutenean soilik emango dutela baja esan zuten atzo. Gaur, berriz, umeak kutsatuta egon ez arren baja emateko aukera aztertzen ari direla adierazi dute.

Maria Jesus Montero Ogasun ministroa. Argazkia: EFE
Maria Jesus Montero Ogasun ministroa.
Maria Jesus Montero Ogasun ministroa. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko bozeramaile eta Ogasun ministroak atzo iragarri zuen koronabirusarekin kutsatuta dauden seme-alabak zaintzeko gurasoek ordaindutako baja hartzeko aukera izango dutela, baina ez PCR proban negatibo eman eta koarentena egin behar duten adingabeen kasuan.

Edonola ere, gaur Maria Jesus Monterok berak atzo esandakoa zehaztu du, eta seme-alabak koarentenan dituzten gurasoak babesik gabe dauden kasuetarako neurri legal berri bat sortzeko aukera aztertzen ari direla iragarri.  

"Ikasturtea aurrera doan heinean ikusten badugu ez dagoela babes-neurri egokirik mundu guztiak koarentena egiteko, ikastetxeak seguru mantentzeko eta lana eta familia uztartzeko, arau berri bat egingo genuke", adierazi du Moncloa Jauregian egindako agerraldian.

"Orain arteko tresnak nahikoa ez badira, beste neurri batzuk hartuko ditugu gainerako administrazioekin batera kontziliazioa bermatzeko", erantsi du.

Monterok agerraldia egin aurretik, Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordea harago joan da, eta adierazi du Lan Ministerioa eta Gizarte Ministerioa lanean ari direla koarentena egin behar duten seme-alaben gurasoei ordaindutako baja emateko, salbuespenik gabe, kutsatuta egon zein egon ez ez.

Adierazpen horri buruz galdetuta, baina, Monterok esan du planteamendu horren berririk ez duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lana Espainiako Gobernua Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa