Gizartea -
GERTAKARIA
Karrantzako tiroketaren egilea atxilotu dute, hilketa saiakera egotzita
Larunbatean gaueko bederatzietan, Ertzaintzak dei bat jaso zuen hainbat pertsonaren arteko liskarraren inguruan berri emanez. Gutxira, tiroketaren egileak eta bere kideek alde egin zuten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu Karrantzako tiroketarekin zerikusia dutelakoan; horien artean, tiroketaren egilea. Dirudienez, marihuana landareak lapurtu nahian zebiltzatela sortutako liskarrak eragin zuen erasoa.
Larunbateko gaueko bederatzietan, Ertzaintzak dei bat jaso zuen Karrantzako auzo batean hainbat pertsonen artean gertatzen ari zen liskarraren inguruan berri emanez. Gutxira, tiroketaren egileak eta bere kideek alde egin zuten.
Tiroketaren ondorioz, bi zauritu izan ziren; zauri arinak zituzten arren, Gurutzetako ospitalera eraman zituzten.
Bertan, ikerketaren arduradunek hirugarren pertsona batek, 17 urteko gazte batek, sorbaldan bala baten zauria zuela ospitalera agertu zela ezagutu zuten.
Adin txikikoaren zauriaren jatorriaren berri izatean, ertzainek Karrantzako liskarrean izan zela ondorioztatu zuten.
Ondorioz, eta tiro egin zutenen taldeko kide zela baieztatu ondoren, adin txikikoa atxilotu egin dute hilketa saiakeraren parte izateagatik eta Zumarragako (Gipuzkoa) zentrora eraman dute.
Ikerketan sakondu ahala, ertzainek tiroketaren egilea atzematea lortu dute, baita bere beste kideetako bat ere. Egileak 35 urte ditu eta kideak 31 urte. Biak ala biak astearte honetan izan dira atxilotuak.
Dirudienez, marihuana landareak lapurtu nahian sortutako liskarrak eragin zuen erasoa. Jabeek aurre egin zieten lapurrei eta hauek pistola atera eta hainbat tiro jaurti zituzten beraien aurka.
Ikerketak bere horretan dirau, egoera argitu bitartean.