Gizartea -
ELKARRETARATZEA
Tratu txarren biktima bati laguntza ukatu izana salatzeko elkarretaratzea, Bilbon
Hainbat kolektibo elkartu dira asteazken honetan Bilbon tratu txarrak jasan dituen emakume bati laguntza ukatu izana salatzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaiko sei talde feminista eta giza eskubideen aldekoek Etxebide eta Lanbideri erantzukizunak eskatzeko elkarretaratzea egin dute asteazken honetan. "Tratu txarren biktima izan den emakume bati" babesa ukatu izana salatu dute. Emakumeak, gainera, % 57ko desgaitasuna du.
Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean tratu txarrak jasan dituzten emakumeei babes gehiago ematea eskatu dute aipatu kolektiboek.
Gaur bertan salatu duten gertakari zehatz honi lotuta esan dute Arartekoak Etxebizitza Sailari eskatu ziola tratu txarrak jasan dituen emakume bati Etxebiden izena ematea ukatzeko erabakia zuzentzeko. Emakumeak babes ofizialeko etxebizitza bat eskatu zuen, eta tratu txarren biktima zela egiaztatzen zuen agiria aurkeztu zuen. Harengandik urruntzeko agindua zuen erasotzaileak. Senarrak agindu hori hautsi eta familiak zuen etxebizitzan kokatu zen. Ondorioz emakumea bizitzeko beste toki baten bila hasi zen.
Ebazpenak dio Etxebidek ez zuela kontuan hartu emakumearen eta erasotzailaren arteko elkarbizitza ezinezkoa zela. Eskaera egin aurreko bi urteetan etxebizitzarik ez izatea eskatzen diete eskatzaileei, baina emakume horrek ez zuen baldintza hori betetzen.
Babes ofizialeko etxe batetara sartzea ezinezkoa zuela eta, Lanbidek 3.800 euroko laguntza itzultzeko eskatu zien.
Egoera honen aurrean hainbat kolektibok salatu dute hau ez dela kasu isolatu bat, eta Lanbidek tratu txarren biktimei laguntzak ukatzen jarraitzen duela. Horren aurrean "neurriak hartzeko" eskatu dute.
Administrazio publikoaren aldetik "emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean zigorgabetasunik ez dagoela frogatzeko” eskatu diote Iñigo Urkullu lehendakariari.