Gizartea -
Ekologismoa
Erraustegiaren aurkako giza-katea egin dute Donostian
Kontxako hondartza ere zeharkatu dute, arreta birziklapenean jar dadila eskatzeko.
agentziak | erredakzioa
Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Mugimenduak giza-katea egin du igande honetarako Alderdi Ederren, Donostiako udaletxearen aurrean, Zubietako erraustegiaren aurka.
11:00etan hasi da mobilizazioa eta, aurreko urteetan ez bezala, oraingoan hondartza zeharkatu du Perlaraino, gero abiapuntura itzultzeko. Distantzia zaindu dute mobilizazioan, COVID-19aren aurkako neurriak direla eta.
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak azpimarratu du gaikako bilketari esker 2009tik 2019ra hiri-errefusaren kopurua urtean 100.000 tona gutxitu dela (2009an 238.000 tona ziren, 2019an 138.000), hau da, % 42.
"Herri batzuetan gaika jasotzen ari dira hondakinen % 60-85 inguru, eta kasu askotan biztanleko urtean 100 kilo errefusa sortzen dituzte gehienez", azpimarratu du.
Bestalde, Gipuzkoan, "biztanle askoko herri gutxi batzutan", tartean "Irunen, Hondarribian, Lasarten, Elgoibarren eta Donostian", azken urteetan "gaikako bilketa hobetzeko ezer gutxi" egin dutela kritikatu dute, eta ondorioz gaikako bilketa % 40 edo 50 ingurukoa dela, eta biztanle bakoitzak 200 kilo errefusa sortzen duela urtean.
Plataformaren arabera, premiazkoa da herri horietako udalek "bilketa sistema aldatzea eta gaikako bilketarako sistema eraginkor bat ezartzea".
"Kantauriko perlak 2019an sortu zituen 53.000 tona errefusa; Gipuzkoako Zabor txapeldun" zioen Donostiako Udaletik hasi eta Kontxako hondartzara abiatu den giza kateko pankarta nagusiak. Erraustegiaren erregai hornitzaile nagusia dela salatu dute.
Juanmi Galatas Errausketaren Aurkako Mugimenduko bozeramaileak gogorarazi du 2020rako Europak agindutako %50eko gaikako bilketatik 8 puntu beherago dagoela Donostia, eta bertan edukiontzi grisera, hau da, errefusaren edukiontzira doanaren hiru laurden birziklagarri dela.