Gizartea -
Espazioa
Artizarrean bizia egon litekeela dio ikerketa batek
Ikerlari talde batek fosfanoa izeneko gasa aurkitu du Artizarrean eta planeta horretan bizia egon litekeela ondorioztatu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Fosfanoa izeneko gasa detektatu dute Artizarreko atmosferan eta planeta horretan bizia egon litekeela edo noizbait bizia izan zela ondorioztatu dute, Nature Astronomy aldizkariak gaur argitaratu duenez.
Aurkikuntza Cardiffeko Unibertsitateko ikerlari talde batek egin du. Gas hori badago, Artizarrean "prozesu fotokimikoak eta geokimikoak egitea posible" dela adierazi dute, "horrek ezinbestean bizitza mikrobianoa egotea suposatzen ez badu ere".
Zientzialariak hainbat behaketa egin zituzten 2017an eta 2019an Txileko Atacama basamortutik, James Clerk Maswell teleskopioa eta Milimetro/Azpi-milimetro Teleskopio Handia erabilita.
Bizitza estralurtarra topatzeko bidean ate berri bat ireki du aurkikuntza honek. "Artizarreko atmosferan aurkitu duguna gas fosfanoa dela uste dugu. Lurraren antzera, Artizarra ere planeta arrokatsua da. Fosfanoa gas arraroa da eta bizidunen ondorioz sortzen da", azaldu du Emily Drabek-Maunder astronomoak.
Lurrean, fosfanoa gizakiaren jarduerak eragiten du –industriak, adibidez-, baina mikroorganismoek ere sor dezakete. Horregatik uste dute bizia egon litekeela Venusen.
Ikerketaren arabera, planeta horren azaleko baldintzak "oso gogorrak" dira, baina atmosferan, 53 eta 62 kilometroko altueran, giroa epelagoa da. Edonola ere, “laionen osagaiak oso azidoak dira, fosfanoa azkar desagertuko litzateke baldintza horietan”, erantsi dute.
Jane Greaves irakasleak zuzendu du ikerketa eta zehaztu du fosfanoaren jatorria zein den oraindik ez dutela argitu. "Behaketa gehiago egin behar ditugu eta Artizarrean topatutako fosfanoa nola sortu den jakiteko", erantsi du.
William Brains irakasleak azpimarratu du "zuhurtziaz" jokatu nahi dutela. "Guk ez dugu esan Artizarrean bizitza badagoela. Esaten duguna da ezezaguna den zerbait topatu dugula eta bizia izan litekeela", nabarmendu du.
Komunitate zientifikoak euforiaz eta eszeptizismoz hartu du iragarpena. Aurkikuntza egin duten ikertzaileak pozik eta itxaropentsu agertu dira, baina aitortu dute oker egon daitezkeela.
"Beti ibili naiz unibertsoan bizia egon daitekeen ikertzen eta aukera hori existitzen dela egiaztatzeko aukera izan dezakegu orain. Edonola ere, oker egon gaitezke. Gure ikerketa zabalik dago inork ekarpenik egin nahi badu", adierazi du Greavesek.