Gizartea -
Zirkulazioa
Orduko 30 kilometroko abiadura muga indarrean dago Bilbon
Horrenbestez, neurri hori hiri osoan izango duen lehena da Europan, 300.000 biztanle baino gehiagoko hirien artean.
agentziak | erredakzioa
Indarrean dago jada: gehienez orduko 30 kilometroko abiaduran joan ahal dira ibilgailuak Bilboko hirigunetik. Bizkaiko hiriburua lehenengoa da Europan hiri osoan errepideko zirkulazioaren abiadura horretara mugatu duena, 300.000 biztanletik gorakoen artean.
Neurria Mugikortasunaren Europako Astearen 21. edizioaren baitan ezarri du Bilboko Udalak.
Bizkaiko hiriburuaren % 87an ezarria zegoen neurria 2018ko ekainetik (gainerakoetan, muga 50 km/h-koa zen), baina orain errepide guztietara zabaltzea erabaki dute.
Alfonso Gil Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Iraunkortasun zinegotziak gogorarazi du Udaleko "alderdi politiko guztiekin adostutako" neurria dela, eta helburua "istripuak, kutsadura, negutegi efektua eragiten duten gasak eta zarata gutxitzea" dela: "Heriotza bakar bat galarazten badugu, merezi izango du".
Era berean, zinegotziak esan du herritarrek autoa "alperrik" hartzea saihestu nahi dutela, "mugikortasun osasungarriago bat aukera dezaten", eta gehitu du neurriarekin ez dutela inor "izorratu" nahi, "jendearen bizi kalitatea hobetzea" baitute helburu.
Gilek "laguntza" eskatu die herritarrei muga ezartzeko prozesuan, "etorkizunerako inbertsioa delako; ez da burutazio hutsa, eta hiri asko ari dira gauza bera nola egin pentsatzen".