Gizartea -

Koronabirusa

300 euroko isuna musukoa ez erabiltzeagatik, eta 600ekoa kale-zurrutagatik, Nafarroan

Uztailaren erdialdetik, Foruzaingoak bakarrik 1.120 salaketa jarri ditu, 900 musukoekin lotuta, eta gainerakoak kale-zurrutagatik edo antzeko zerbaitengatik.

Gizon bat egunkaria irakurtzen musukoa jantzita. Argazkia: Efe
Gizon bat egunkaria irakurtzen musukoa jantzita. Argazkia: Efe
Gizon bat egunkaria irakurtzen musukoa jantzita. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak koronabirusari aurre egiteko osasun neurriak urratzeagatik jartzen diren isunak gaurko eta bateratu ditu lege dekretu baten bidez. Hala, 100 eurotik 600.000 eurora arteko isunak aurreikusten ditu; tartean 300 eta 600 eurokoak, musukoa ez erabiltzeagatik eta kale-zurrutagatik, hurrenez hurren.

Dekretuan hainbat arau aurreikusten dira, eta berritu egiten ditu isun batzuen zenbatekoak, osasun publikoarentzat arriskutsuak diren portaerak errepikatzen dituztenentzat adibidez.

Javier Remirez presidenteordeak prentsaurreko batean adierazi duenez, gizartearen gehiengo zabala betetzen ari da pandemiari aurre egiteko arauak, baina gutxiengo bat badago elkartasunez jokatzen ez duena, eta jarrera horien aurka kontzientziazioa eta segurtasun indarren lana uztartzen omen dituzte.

Horren harira, gogorarazi du uztailaren erdialdetik, Foruzaingoak bakarrik 1.120 salaketa jarri dituela, 900 musukoekin lotuta, eta gainerakoak kale-zurrutagatik edo antzeko zerbaitengatik.

Portaera horiek galarazteko, dekretuak arau hauste arinak aipatzen ditu, 100 eta 3.000 euro arteko isunekin; larriak, 3.001 eta 60.000 euro arteko isunekin; eta oso larriak, 60.001 eta 600.000 euro arteko zigorrekin.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Foruzaingoa Koronabirusa Isunak gaur