Gizartea -

Koronabirusa

Pandemiari aurre egin ezinda, Madrilgo Erkidegoan egoera larria bizi dute

Pedro Sanchezek eta Isabel Diaz Ayusok bilera egingo dute egoera larria aztertzeko eta kutsatzeak geldiarazteko neurriak erabakitzeko.  

Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentea. Argazkia: EFE
Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentea.
Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea eta Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentea "ahalik eta azkarren" bilduko dira, koronabirusaren pandemiak lurralde horretan eragin duen "egoera kritikoa" dela eta.

Sanchezek esan du batzarraren helburua bi gobernuen arteko elkarlana indartzea dela, eta azpimarratu du Espainiako Gobernuak Madrilgo Erkidegoak birusari aurre egiteko ezartzen dituen neurriak eta baliabideak babestuko dituela.

Ildo horretan, Salvador Illa Osasun Ministerioak adierazi du eskura dagoen guztia egin behar dela Madrilgo egoera kontrolatzeko, baina oraingoz alarma egoera ezartzea baztertu du.  

Espainiako Gobernuak emandako datuen arabera, ostegun honetan beste 11.291 positibo detektatu dituzte Estatuan, 4.541 azken 24 orduetan. Guztira, 625.651 pertsona daude kutsatuta eta 30.405 hil dira.  

Madrilgo Erkidegoan 3.841 positibo gehiago antzeman dituzte azken orduetan. Estatuko kasu positiboen % 35 Madrilen izan dira. Ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Andaluzia daude, 551 eta 521 positiborekin, hurrenez hurren.

Testuinguru honetan, Madrilen hainbat neurri murriztaile hartuko dituzte datozen orduetan. Enrique Ruiz Escudero Osasun kontseilariak azaldu duenez, ostiral honetan iragarriko dituzte, baina aurreratu du mugikortasunari eta agerraldi larrienak izan diren zonaldeetako jarduerari lotutakoak izango direla.

Bestalde, Madrilgo Udalak neurri zorrotzak eskatu ditu, kutsatzeak gelditzea premiazkoa dela ohartarazita.

Konfinamenduaren aukera

Salvador Illa Osasun Ministerioak berretsi egin du eskura dauden bitarteko guztiak jarri behar direla martxan eta "neurri eraginkorrak" hartu behar direla, baina baztertu egin du oraingoz itxialdiaren aukera.

Aukera horri heldu aurretik ibilbide bat egin behar dela eta beste neurri batzuk hartu behar direla esan du. Edonola ere, gogoratu du erabaki hori Madrilgo Erkidegoaren esku dagoela.

"Sanchezek iragarri zuen duela zenbait aste: alarma egoera ezartzea Gobernu autonomikoen esku dago eta mekanismo hori aktibatzerakoan Espainiako Gobernuaren babesa izango dute", erantsi du.

Pandemia hasi zenetik, 186.826 pertsona kutsatu eta 15.727 hil dira Madrilgo Erkidegoan.   

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Madril Osasun albisteak Koronabirusa