Gizartea -
Neurri berriak eskoletan
Iparraldeko ikasle batek positibo emanez gero, bakartu egingo dute; ikaskideak ez
Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak argudiatu duenez, haurrek parte-hartze txikia dute transmisio katean, eta horregatik ez da beharrezkoa koarentena masiborik ezartzea.
Euskadi Irratia | Erredakzioa
Koronabirusari aurre egiteko neurri berriak iragarri ditu Frantziako Gobernuak ikastetxeetan. Horien artean, positibo kasuetan jarraitu beharreko protokoloa aldatu dute. Aurrerantzean, ikasgelaren baten positiboren bat izanez gero, ikasle horrek koarentena egin beharko du, baina ez bere ikaskideek; horiek normaltasunez jarraituko dute eskolak hartzen.
Horrez gain, haur eskoletako langileek musukoa jarri beharko dute ikasgelan ere (orain arte, gurasoekin hitz egiteko baino ez zen derrigorrezkoa).
Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak azaldu duenez, haurrek parte hartze-txikia dute COVID-19aren transmisio katean.
Frantziako Osasun ministroaren arabera, haurrek parte-hartze txikia dute koronabirusaren transmisio katean. "Haurrek, haurtzaindegietakoak zein Haur eta Lehen Hezkuntzakoek, arrisku txikiagoa dute euren artean kutsatzeko eta inguruan dauden helduak kutsatzeko. Aukera gutxiago dute larri gaixotzeko, eta parte-hartze txikia dute transmisio katean", argudiatu du.
Horregatik, maila horietako ikasle batek koronabirus proban positibo emanez gero, "etxean isolatuta egon beharko da zazpi egunez, baina ikaskideak normaltasunez joan ahalko dira eskolara".
Frantziak ia 10.000 positibo izan zituen atzo, eta kasuek gora egiten jarraitzen dute. Hainbat departamentutan bereziki kezkagarria da egoera: Ipar Euskal Herria, esaterako, "eremu gorri" izendatu zuen Frantziako Gobernuak duela astebete, eta, ondorioz, neurriak zorroztu zituzten bertan.