Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Legorretan bikotekideari eraso egitea leporatuta
Bestalde, Zaldibarko udaletxeko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzionala onartu du asteazkenean udalerri horretan izan zen eraso matxista gaitzesteko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
33 urteko gizon bat atxilotu dute Legorretan bikotekideari kalean jo izana egotzita, Segurtasun Sailak gaur jakinarazi duenez.
Erasoa atzo gauean gertatu zen, 22:50 inguruan, udalerri horretako tren-geltokian. Ertzaintzaren patruila bat bertaratu zen eta erasotzailea atxilotu zuen. Gau polizia-etxean igaro du eta arratsalde honetan epailearen esku utzi dute.
Legorretako Udalak erasoa salatu du, "indarkeria matxista emakumeek egunero jasaten duten jazarpenaren muturreko adierazpena" dela ohartarazita.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere gaitzetsi du erasoa eta bere babesa eta elkartasuna helarazi dizkio biktimari.
Legorretako mugimendu feministak elkarretaratzea deitu arratsalde honetarako eta bi erakundeek mobilizazioarekin bat egiten dutela iragarri dute.
Zaldibarren asteazkeneko erasoa gaitzetsi dute
Bestalde, Zaldibarko udaletxeko Bozeramaileen Batzordeak "erabateko gaitzespena" adierazi du joan den asteazkenean udalerri horretan izan zen eraso matxistaren aurrean. 42 urteko gizon batek bere bikotekideari eraso egin zion etxean zeudenean.
Talde guztiek onartutako adierazpen instituzionalean, Udalaren babesa eta laguntza eskaini dizkiote biktimari, eta emakumeen aurkako indarkeria hemen eta munduan amaitzea premiazkoa dela azpimarratu dute.
Halaber, Udalak bat egin du mugimendu feministak eraso matxista salatzeko antolatu duen mobilizazioarekin.