Gizartea -
Bizkaia
Istiluak 40 bat gazte Mundakako aparkaleku batean litroak egiten harrapatu ondoren
Ertzaintzak 25 urteko gazte bat atxilotu du, eta beste zazpi ikertzen ari da, agintaritzaren aurkako delitua egotzita. Segurtasun Saileko iturriek jakitera eman duenez, bi ertzain kolpatu dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak 25 urteko gazte bat atxilotu du, eta beste zazpi ikertzen ari da, agintaritzaren aurkako delitua leporatuta. Dirudienez, litroak egiten ari ziren Mundakako (Bizkaia) aparkaleku batean. Ertzaintza litrada desegitera joan denean istiluak izan dira.
Segurtasun Saileko iturriek jakitera eman duenez, liskarretan bi ertzain kolpatu dituzte. Ertzainak artatu behar izan dituzte, baina zauri arinak dituzte.
Gertakariak 01:30 aldera jazo dira. Bertako bizilagunek Ertzaintzari abisua eman diote, eta ertzainak elkarretaratzea desegitera joan dira.
Patruilak bertaratu direnean 40 bat gazte edaten ikusi dituzte aparkalekuan. COVID-19aren aurkako osasun neurriak urratzen ari zirela ikusita, ertzainak gazteak identifikatzen hasi dira, dagozkien salaketak jartzeko.
Bati identifikatzea eskatu diotenean, gazteak behin baino gehiagotan uko egin dio, eta ertzainei oldartu zaie. Ondoren korrikan ihes egin du. Ertzainek gaztea harrapatu eta atxilotu dute, desobedientzia eta agintaritzaren aurkako delitua egotzita.
Une horretan, atxiloketa eragozteko pertsona talde batek ertzainak inguratu ditu. Ertzainen kontrako ostikoak eta ukabilkadak eman dituzte. Poliziek borrak erabili behar izan dituzte atxilotua ibilgailura eraman ahal izateko.