Gizartea -
KORONABULOAK
Ez, Bilboko Santa Marina Ospitalean ez dituzte erizain gehiago behar
EiTBk baieztatu ahal izan du Bilboko Santa Marina Ospitalean erizain gehiago behar dituztela dioen mezua faltsua dela.
EITB.EUS
Azken egunotan bolo-bolo dabil sarean (WhatsApp sare sozialean, batik bat) Bilboko Santa Marina Ospitalean erizain gehiago behar dituztela dioen mezua. Prentsa Sailarekin harremanetan jarri da EiTB, eta handik azaldu dutenez, ez dute ofizialki inongo deirik egin eta, hortaz, albistea faltsua da.
Sareetan zabaldu den oharraren arabera, erizainak behar dituzte Santa Marina Ospitalean lan egiteko. Telefono zenbaki bat ere ageri da bertan, eta erizaintza ikasketak egin dituztenei dei egiten die ospitalean lan egin nahi izatera, telefono zenbaki horretara deitzeko.
"Santa Marina Ospitalean erizainak behar dira", dio gutunak. "Interesa dutenek, dei dezatela, mesedez, 94 400 69 00 telefono zenbakira eta pertsonal sailarengatik galdetu dezatela", gaineratzen du. Azkenik, mezua zabaltzeagatik eskerrak ematen die erabiltzaileei.
EiTBk, #Koronabuloak ekimenean, Maldita.es-ekin, VOSTEuskadi Euskadiko Boluntario Digitalen Elkartea ere du bidelagun, koronabirusaren inguruan sortzen diren buloak geldiarazteko, eta Eva Caballerok Radio Euskadin zuzendu eta aurkezten duen La Mecanica del Caracol dibulgazio-saioko komunitate zientifikoaren laguntza ere badu. Gainera, EiTBk erabiltzaileen abisuak jasotzen ditu, 600 900 454an, alegia, #Koronabuloak ekimeneko WhatsApp zenbakian.