Gizartea -

GIPUZKOA

Alabaren argazkiak saretik kentzea onartu du aita batek, amaren demanda tarteko

Epaitegietara jo aurretik, ama batek behin baino gehiagotan eskatu zion aitari haurraren argazkiak Facebooketik eta WhatsAppetik kentzeko. Kasurik egiten ez zuela ikusita, demanda bat aurkeztu zuen.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adin txikiko alabaren argazkiak sare sozialetatik erretiratzea onartu du aita batek, haurraren amak epaitegietan demanda bat jarri eta bi aldeek akordio bat lortu ostean.

Auzitegietara jo aurretik, behin baino gehiagotan argazkiak erretiratzeko eskatu zion gizonari. Halere, bere eskariei jaramonik egiten ez ziela ikusita, emakumeak demanda bat aurkeztu zuen 2019ko ekainaren 24an Irungo Lehen Instantziako 4. Epaitegian.

Kasuko iturriek EFE albiste agentziari azaldu diotenez, emakumeak sarritan galdegin zion aitari adin txikiko alabaren argazkiak Facebooketik eta WhatsAppetik erretiratzeko. Argazki horietan aita-alabak agertzen ziren.

Beatriz Rodriguez Aparicio emakumearen abokatuak azaldu duenez, zaintza dena delakoaren gain egonda ere eta baldin eta bietako inork guraso-ahala kenduta ez badauka, bi gurasoen baimena ezinbestekoa da argazkiak sarean argitaratzeko.

Epaitegiak bere idatzian azaldu du aitari alabaren argazkiak Interneten argitaratzeko debekua ezartzeko eta aurrez sarera igotakoak erretiratzeko eskatu zuela amak. Orduan umeak hiru urte zituen.

Dena dela, demandaren berri izan ondoren, aitak eskaera onartu zuen. Are gehiago, bi aldeak akordio batera heldu ziren, eta adostasun hori berretsi du orain epaitegiak. Autoan, adin txikikoaren argazkiak sarera ez igotzeko eta argitaratuta daudenak ezabatzeko konpromisoa hartu dute bi aldeek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Facebooki buruzko azken albisteak Gipuzkoako albisteak WhatsApp nobedadeak EAE Sare sozialak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Abokatuen albisteak Umeak azken ordukoa Internet Gurasoak  gaur