Gizartea -
KORONABIRUSA
Nafarroako Auzitegi Nagusiak ostalariei ezarritako murrizketak babestu ditu
Epaileek atzera bota dute ostalariei eta jatetxeei murrizketa gehiago ezarri zizkion Foru Gobernuko Osasun kontseilariaren azken foru agindua behin-behinean bertan-behera uzteko eskaria.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du COVID-19ko pandemiaren hedapen azkarraren aurrean, ostalariei eta jatetxeei murrizketa gehiago ezarri zizkion Foru Gobernuko Osasun kontseilariaren azken foru agindua behin-behinean bertan-behera uzteko eskaria. Iragan astean ere behin-behinean bertan behera uzteko eskatu zuten.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren ustez, 42/19 Foru Aginduak behar bezala justifikatzen du osasunaren ikuspegitik, esaterako, eguerdiko 12:00etatik aurrera mahai edo elkarteetan soilik kontsumitu ahal izatea. Lokal barruetan eta terrazetan gehienez ere sei pertsona elkartzea, prozedura judizialean aurkeztutako txosten epidemiologikoek egiaztatzen duten bezala, erabat justifikatua dagoela ere uste du.
Foru Agindu horren aurka helegitea jarri zuten Nafarroako Ostalaritza eta Turismoko Enpresaburuen Elkarteak eta Ostalaritzako Enpresa Txikien Nafarroako Elkarteak, eta behin-behinean eskatu zuten haien etetea, negozioetan sortutako kalte eta galerengatik.
Epaileen ustez, autoan erabakitako murrizketak "COVID-19ko pandemiaren bilakaera eta horrek osasun arloan eta norberaren osasunean eta gizarte mailan duen eragina" kontuan hartzen badugu, guztiz justifikagarriak dira.
Horren harira, epaileek ondorioztatu dute Foru Agindua bertan behera uzteak "osasun arloari dagozkion interes orokorrak eta norberarenak interesen aurka egiten duela. Kasu honetan, " guztion interesa" gailendu behar dela gaineratu dute.