Gizartea -

Murrizketen aurkako martxa

Zergatik ez zen inor joan Bilboko manifestaziora?

Martxaren deitzaileek (Ikasle Sindikatua) uste dute porrotak Kukutza eraitsi izanarekin zerikusia duela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostegun honetan, Bilbo aurrekaririk gabeko gertakizun baten lekukoa izan da. Aurrekaririk gabekoa, edo behintzat, ez oso ohikoa: hezkuntzako murrizketen aurka protesta egiteko deituta zegoen manifestazio bat bertan behera utzi behar izan zuten... ez zelako inor agertu! Gazteen axolagabekeria? Publizitate falta? Hedabideen arreta falta? Zergatik ez zuen inork protesta egin?

eitb.com-ek galdetuta, Ikasle Sindikatuak (martxaren deitzaileak) adierazi du manifestazioaren porrotak Kukutzarekin zerikusia duela. Izan ere, "Kukutza eraitsi izana deflagrazioa izan da Bilboko gazteentzat. Iñaki Azkunak, Aresek eta PPk Bilduren hazkundea geldiarazi, jabego pribatu kapitalista defendatu eta gazteria kikildu egin nahi izan dute, baina aurkakoa lortuko dute".

Sindikatutik aitortu dute jakin bazekitela parte-hartzea "eskasa" izango zela, "Kukutzak manifestazioa deitu baitu larunbaterako, 18:00etan, Jesusen Bihotza plazan".

Bestalde, Ikasle Sindikatuak ukatu egin du euskal ikasleek "axolagabekeria" erakutsi izana, eta gogorarazi du krisiaren aurkako "hainbat greba orokorretan" parte hartu dutela, azkena, urtarrilaren 27an.

Zentralak azaldu du lehen aldia dela antzeko zerbait gertatu zaiela: "Ikasle Sindikatuak manifestazio jendetsuak egin ditu Bilbon, hala nola Kalitate Legearen, Persiako Golkoaren gerraren eta Izarren eta Navalen pribatizazioen aurkakoak".

Etorkizunean ere bide horretan jarraitzeko asmoa agertu dute, eta "erasoek jarraitzen badute", manifestazio gehiago deituko dituztela iragarri dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea