Gizartea -
Gertakaria
Gizon bat atxilotu dute Mañuetan, beste bati buruan aizkorakada emateagatik
Biek eztabaida beroa izan zuten larunbatean. Biktima ospitalera eraman behar izan zuten, buruan zauria zuelako.
Agentziak | Erredakzioa
39 urteko gizon bat atxilotu zuten larunbatean, Mañuetan (Araba), beste bati buruan aizkorakada eman ondoren, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Erasoa eztabaidatzen ari zirenean gertatu zen.
Larunbatean, 10:00ak aldera abisua jaso zuen Ertzaintzak. Gutxi lehenago gizon bati eraso egin ziotela azaldu zuten telefono deian. Dirudienez, eztabaida bero batean erasotzaileak biktimari buruan aizkorakada eman zion.
Ertzaintzaren patruila bat bertaratu zenean, osasun zerbitzuak zauritua artatzen ari ziren dagoeneko. Biktima ospitalera eraman behar izan zuten, buruan zauria zuelako.
Ustezko erasotzailea gutxi geroago aurkitu zuten inguruetan, eta lesio delitua egotzita atxilotu zuten. Atxilotua Guardiako ertzain-etxera eraman zuten ikerbidea abiatzeko, eta ondoren epailearen esku uzteko.