Gizartea -

Jaiak

Ertzaintzak bi gazte atxilotu ditu Agurainen eta beste bat Irunen

200 pertsona inguru jai giroan harrapatu dituzte Aguraingo alde zaharrean. Irunen, istiluak La Peña kalean jazo dira.

Atxiloketak Agurainen (Araba). EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Atxiloketak Agurainen (Araba). EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Gazteak litroak egiten harrapatu dituzte Agurainen eta Irunen

0:23

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi gazte atxilotu dituzte goizaldean, Agurainen (Araba), desordena publikoak eta ertzainei eraso egitea egotzita. Era berean, beste gizon bat atxilotu dute Irunen (Gipuzkoa), ertzain bati eraso egitea leporatuta.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Aguraingo bi atxiloketak 01:30 aldera egin dituzte. Zaintza lana egiten ari ziren patruilek jendetza ikusi dute, 200 bat pertsona, alde zaharrean. Herriko jaiak bertan behera utzi behar izan dituzte pandemiagatik, baina gazteek festa ospatzeko asmoa zuten.

COVID-19aren pandemiari aurre egiteko neurriak errespetatzen ari ez zirela egiaztatu dute ertzainek, eta bilera desegiteko eskatu diete megafonia bidez.

Une horretan, talde bat botilak eta beste objektu batzuk botatzen hasi da. Ertzain bat zauritu dute. Istiluetan parte hartu duten bi gazte identifikatu eta atxilotu dituzte, desordena publikoak eta ertzainei eraso egitea egotzita.

Irun

Bestalde, goizaldean istiluak izan dira Irungo La Peña kalean. Bertan beste gazte bat atxilotu dute, ertzain bati eraso egitea leporatuta.

00:30 aldera pertsona ugari kalean maskara barik eta distantzia gorde gabe zeudela jakinarazi dute bertako bizilagunek.

Patruilak irain artean hartu ditu talde batek. Ertzain bati botila batekin eraso egiten saiatu den gizon bat atxilotu dute. Liskarretan hiru ertzain zauritu dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gipuzkoa Araba Delituak Gizartea Eguneko albisteak Agurain Irun Albisteak Jaiak Koronabirusa Arabako Lautada gaur