Gizartea -

Koronabirusa

Bizkaiko zahar-etxeetako egoiliar bat hil eta 129ra igo da kutsatutakoen kopurua

Leioako Laguntza Zentroa-GUFEn (39 positibo) eta Zuetxe-Bakion (11) dituzte kasu gehien.

Bi kasu atzeman dituzte Sestaoko Albiz Santiago Llanos egoitzan. Argazkia: EFE
Albiz Santiago Llanos-Sestao egoitza.
Bi kasu atzeman dituzte Sestaoko Albiz Santiago Llanos egoitzan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko adinekoen egoitzetan egoiliar bat hil da azken orduetan koronabirusak jota. Horrela, pandemiaren bigarren olatu honetan 70 pertsona hil dira Bizkaiko zentroetan.

Horrez gain, 129 egoiliar daude gaur-gaurkoz gaitzak jota, ostiralean baino hiru gutxiago, eta 1.884 dira sendatutakoak, Bizkaiko Foru Aldundiak emandako datuen arabera.

Datuak zehatz aztertuta, Bizkaian adinekoentzat baimenduta dauden 155 egoitzetan (guztira, 10.748 plaza), 67 dira positiboa baieztatuta duten erabiltzaileak (aurreko kontaketan baino hiru gutxiago), eta beste 17 erietxeetan daude (bat gutxiago).

Gaur egun, zazpi egoitzatan daude gaixotutako egoiliarrak: Leioa Laguntza Zentroa-GUFE (39), Zuetxe-Bakio (11), Marcelo Gangoiti-Muskiz (8), DomusVI Miraflores-Bilbao (5), Albiz Santiago Llanos-Sestao (2), San Jose Etxe Alai-Mungia (1) eta Sagrado Corazon de Jesus-Bilbao (1).

Horrez gain, Birjinetxen, koronabirus bidezko infekzio-kasuak artatzeko unitate soziosanitario espezializatuan, 73 adineko daude. Pertsona horietatik, 45 egoitza-zentroen sareko erabiltzaileak dira, eta 28 zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonak (koarentena egiten ari dira erietxean egon ostean).

Langileei dagokienez, 77 dira gaitzak jotakoak, eta beste 55 isolatuta daude, baina COVID-19a baieztatu gabe. Ostiralean, 86 behargin ziren gaitza zutenak eta 57 isolatuta zeudenak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Adinekoentzako egoitzak Koronabirusa Bizkaiko Foru Aldundia azken orduko albisteak Adinekoak gaur