Gizartea -

Koronabirusa

Garitanok berretsi du pandemiaren joera "beheranzkoa" dela EAEn

Gainera, Osakidetzaren Zaintza eta Kontrolerako Programaren arduradunak azpimarratu du 3 eta 16 urteko ikasleen artean jaitsi egin dela kasu kopurua eskolara itzuli zirenetik.

Jendea Gasteizko kaleetan paseoan. Argazkia: Efe
Jendea Gasteizko kaleetan paseoan. Argazkia: Efe
Jendea Gasteizko kaleetan paseoan. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igancio Garitano Osakidetzaren Zaintza eta Kontrolerako Programaren arduradunak COVID-19aren pandemiak EAEn duen joerari buruzko azalpenak eman ditu aste honetan, berriro.

Azpimarratu du agerian dagoela beste aste batez pandemiaren joera "beheranzkoa" dela EAEn, eta azken 14 egunotako eragina 246,94 kasukoa dela 100.000 biztanleko, aurreko astean ia 280koa zenean.

Egoerak hobera egiten jarraitzen duen arren, EAEn 3.639 pertsona daude birusa aktibo dutela kutsatuta, eta positibo eman dutelako edo positibo batekin harreman estua izan dutelako isolatuta daudenen kopurua 9.388ra iritsi da.

Garitanok "ez erlaxatzeko" deia egin die berriz ere herritarrei osasun krisiaren eboluzioa ona den arren; izan ere, "Europako beste herrialde batzuetakoa baino tasa altuagoa" dago oraindik EAEn.

Adingabeak

Aurreko asteetan bezalatsu, 3 eta 16 urteko ikasleen artean kasu kopuruak "behera" egiten jarraitzen duela azpimarratu du.

Hori horrela, esan du aurrez aurreko eskolak hasi zirenetik, duela hilabete batetik, koronabirus kasuek behera egin dutela adin tarte horretan. Eskoletan prebentzioan arreta berezia jartzen delako izan daitekeela adierazi du.

Datuak

Agerraldian, Garitanok irailaren 28tik urriaren 4ra arteko balantze epidemiologikoaren datuak laburbildu ditu. Zazpi egun horietan, 50.866 PCR proba egin zituzten EAEn, eta 2.512 koronabirus kasu berri atzeman zituzten; beraz, positiboen tasa % 5etik beherakoa da.

Positibo berri horietatik, 1.101 Bizkaian izan dira, 914 Gipuzkoan eta 397 Araban. Beste ehun positibo autonomia-erkidegotik kanpo bizi diren pertsonei dagozkie.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Euskal Eskola Publikoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Koronabirusa