Gizartea -
Ezbeharra errepidean
Pertsona bat hil eta 42 zauritu dira, Laredon izandako istripuan
Ezbeharra 09:10 inguruan gertatu da, kamioi batek eta autobus batek elkar jo dutenean. 38 pertsona arin zauritu dira eta gehienek alta jaso dute ospitalean.
Erredakzioa
Istripu larria izan da Kantabriako autobidean, Laredo parean. Kamioi batek eta autobus batek talka egin dute eta pertsona bat hil da eta, gutxienez, beste 38 lagun zaurituta daude, horietako bi larri.
Ezbeharrean 66 urteko emakume bat hil da eta haren senarra larri zauritu da. 38 pertsona arin zauritu dira eta gehienek alta jaso dute ospitalean, Kantabriako Gobernuak jakitera eman duenez.
Autobuseko gidaria eta hildakoaren senarra larri zauritu dira, baina egonkor daude Marques de Valdecilla Ospitalean. Biek zauri larriak dituzte oin batean.
Ezbeharra 09:10 aldera jazo da eta hildakoa autobusean zihoan emakumezko bat da, Espainiako Gobernuak Kantabrian duen ordezkaritzak jakitera eman duenez. Istripua Laredoko irteera baino apur bat aurrerago gertatu da eta bidea itxi egin behar izan dute 173,9 eta 177 kilometroen artean, Bilboko noranzkoan. Zirkulazioa Treto herritik bideratu dute.
Emakumearen gorpua autobus azpian aurkitu dute. Izan ere, autobusa altxatu behar izan dute gorpua berreskuratzeko, larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez.
Besayako eskualdean eta Los Corralesen bizi diren 43 bidaiari joan dira istripua izan duen autobusean. Horietatik 39 Laredoko Ospitalera eraman dituzte, Osasun Sailak azaldutakoaren arabera.
Hil den emakumearen senarra larri zauritu da, eta Laredoko Ospitaletik Valdecillako Marques Ospitalera eraman behar izan dute, oin batean izan dituen zauriak oso larriak direlako.