Gizartea -
KORONABIRUSA
Taberna bateko arduraduna atxilotu dute Abadiñon, ertzain bat jotzeagatik
Ordutegiz kanpo zabalik zegoen eta barruan bezeroak alkohola edaten ari ziren. Zerbitzaria atxilotzeaz gain, Ertzaintzak zazpi pertsona identifikatu ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Baimendutako ordutegiz kanpo zabalik zegoen Abadiñoko taberna bateko arduraduna atxilotu zuten atzo, Ertzaintzari oldartu eta agenteetako bat jotzeagatik. Gainera, barruan alkohola kontsumitzen ari ziren beste zazpi pertsona identifikatu dituzte.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 04:00ak baino minutu batzuk lehenago, Ertzaintzaren patruila bat ohartu zen taberna batek argiak piztuta eta musika jarrita zituela. Atea itxita zegoen, baina barruan bezeroak zeuden alkohola kontsumitzen.
Ertzainak ikustean, argiak itzali eta atzeko ate batetik ateratzen saiatu ziren, baina Ertzaintzaren beste patruila batek harrapatu eta identifikatu egin zituen.
Ertzaintzak zortzi pertsona identifikatu zituen, tartean, 40 urteko tabernako arduraduna. Ertzainei oldartu zitzaien eta behin eta berriro jotzen saiatu zen, ertzain bat harrapatu zuen arte. Hori dela eta, atxilotu egin zuten autoritatearen aurkako atentatua egotzita.