Gizartea -
Informazio kontrajarria
Nahasmena nagusi, Kenyan bahitutako bi boluntarioen kasuan
Iturri batzuen arabera, Somalian daude, beste batzuek, aldiz, muga pasatzerik ez dutela lortu esan dute. Blanca Thiebaut (madrildarra) eta Montserrat Serra (kataluniarra) dira bi boluntario bahituak.
Erredakzioa
Kenyan bahitutako bi boluntario espainiarren inguruan informazio komtrajarria heldu da. Lurraldeko Polizia iturri batzuen arabera, Somalian dauden "zantzu guztiak" bildu dituzte, baina beste batzuek, muga pasatzerik ez dutela lortu azpimarratu dute.
Hala, goizean Kenyako segurtasun indarrek adierazi dutenez, bahitutako bi boluntario espainiarrak "zantzu guztien arabera" Somalian daude. Leo Nyongesa bertako Poliziaren komandanteak hala adietazi du "The Telegraph" egunkarian.
Charles Owino Keniako Poliziaren bozeramailearen arabera, berriz, "susmo handiak dituzte" Kenya eta Somalia arteko "muga ez dutela pasa" pentsatzeko. "Atzo euri asko bota zuen. Bahitzaileek erabili zituzten ibilgailuak lokatzetan harrapatuta gelditu ziren. Somaliarako ibilbideak itxi ditugu. Militar eta Polizia talde handia dago inguruan, baita erreskateetarako prestatuta dauden paramilitarrak ere", adierazi du Owinok.
Hala ere, "ez dakigu ziur non dauden, jakin izan bagenu dagoeneko erreskatatu genituen", erantsi du.
Mugarik Gabeko Medikuak Gobernuz Kanpoko Erakundearentzat borondatez lan egiten duten Gironako Palafrugell herriko 30 urtetako neska bat eta madrildar bat dira Kenyako errefuxiatuen esparru batean bahitutako kideak.
Gobernuz kanpoko erakundetik adierazi dutenez, bi langileak Dadaabeko errefuxiatu esparru batean zeuden (Kenya), Somaliako mugatik 100 kilometrora, bahitu zituztenean.
Ez dakite noren esku dauden
Abdiweli Mohamed Ali Somaliako lehen ministroak bi boluntario espainiarren bahiketa gaitzetsi du, eta Somaliako agintariek bahiketaren egileak nortzuk diren oraindik ez dakitela adierazi du.
"Zentzurik gabeko ekintza criminal honegatik erabat penatuta nago. Biktimen senideei elkartasuna adierazi nahi diet", adierazi du. "Oraindik ez dakigu nork bahitu dituen, baina criminal hauek atxilotuak izango dira eta kontuak eman beharko dituzte. Al Shabaab erakunde terroristako kideen errefuxiatuenganako eta boluntarioenganako etengabeko mehatxuak onartezinak dira", esan du.
Hala ere, Al Shabaab miliza somaliarrak ukatu egin du bi emakumeen bahiketarekin zerikusia duenik.
Bertan behera utzi dituzte ekintza humanitarioak
Mugarik Gabeko Medikuak Gobernuz Kanpoko Erakundeak bertan behera utzi ditu Somaliaren eta Keniaren inguruko mugan zituen ekimen humanitarioak, hala adierazi dio BBCri Emmanuel Nyabera Keniako errefuxiatuentzako nazio batuen goi-komisarioak.
Baina, ura, jakiak eta mediku zerbitzua eskaintzen jarraitzen dute oraindik.
BBCk dioenez, gau askotan ikusten dituzte armak daramatzaten gizonak, eta bahiketaren ondoren Dadaabeko boluntarioen eta errefuxiatuen artean beldurra sortu da, errefuxiatu esparru hori, hain zuzen, Keniako hirugarren hiri handienean bihurtu da.
Identifikatu dituzte
30 urteko Blanca Thiebaut (madrildarra) eta 40 urteko Montserrat Serra (kataluniarra) dira Mugarik Gabeko Medikuen (MSF) bi boluntario bahituak, Jose Antonio Bastos erakundeko presidenteak gaur jakinarazi duenez.
Prentsaurrekoan, erakundea boluntarioen "senideekin harremanetan" dagoela adierazi du Bastosek. Era berean "agintari guztiekin kontaktuan" daudela gaineratu du MSFko ordezkariak.
"Bahituak onik bueltatzeko gure esku dagoen guztia egiten ari gara", erantsi du.