Gizartea -

Koronabirusa

EAE alerta maila altuan eta Nafarroa muturrekoan jarri nahi ditu Espainiako Gobernuak

Horixe idatzi dute Osasun Ministerioak koronabirusari aurre egiteko proposatu duen zirriborroan. Asteazkenean erkidegoen onarpena jaso beharko du indarrean jartzeko.

Koronabirus proba. Argazkia: Efe
Koronabirus proba. Argazkia: Efe
Koronabirus proba. Argazkia: Efe

agencias | redacción

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Osasun Ministerioak koronabirusaren pandemiari aurre egiteko proposatu duen zirriborroan EAE alerta maila altuan dago, bigarren alerta maila altuenean, muturreko egoeraren azpitik. Gorengo maila horretan Nafarroa dago.

Osasunaren Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluak onartu beharko du zirriborroa datorren asteazkenean, erkidegoek egindako aldaketekin.

Nafarroa Madrilekin, Gaztela Leonekin, Aragoikin eta Errioxarekin batera dago muturreko alerta mailan. Mailak zehazteko birusaren kutsatze kopuruak eta osasun zerbitzuen erabilera hartzen dituzte aintzat.

Hala eta guztiz ere, Osasun Ministerioaren zirriborroan azpimarratzen dute "indize bakar bat ez dela gai egoera epidemiologikoaren ikuspegi osoa emateko", eta indize horiek lurraldeen tamainaren eta herritarren ezaugarrien arabera aztertu behar direla.

Zirriborroa indarrean jarriz gero, bederatzi izango dira alerta maila altuetan egongo direnak (EAE, Nafarroa, Madril, Gaztela Leon, Aragoi, Errioxa, Gaztela Mantxa, Katalunia eta Murtzia), eta horiek izango dituzte murrizketa gogorrenak.

MURRIZKETAK 3. ALERTA MAILAN (ALTUA)

- Harreman sozialak: harreman sozialak ahal den guztia mugatzea bizikideetatik kanpo eta sei lagunetik gorako taldeetan.

- Lehentasunezko ordutegiak 70 urtetik gorakoentzat.

- Hiletak eta beilatotiak: gehienez 10 pertsona itxietan, eta 15 irekietan.

- Ezkontza tankerako ospakizunak: 10 pertsona gehienez leku itxietan, eta 15 irekietan. Banketeak eta koktelak debekatuta.

- Kultu zentroak: edukieraren % 30 eta debekatuta kantatzea.

- Jatetxeak: % 50eko edukiera terrazetan, eta barrualdea itxita.

- Bingoak, apustu etxeak, etab.: itxita.

- Adinekoen egoitzak: egoiliarrek ezingo dute atera, eta bisitak mugatuko dira.

- Eguneko zentroak: jarduerak bertan behera.

- Merkataritza lokalak: % 25eko edukiera.

- Garraio kolektiboa: % 30eko edukiera autobusetan, metroan, trenean eta hegazkinean.

- Mugikortasuna: erkidegotik ateratzeari edo bertan sartzeari mugak jartzea aztertuko da.

- Kultura, kirola eta ekitaldiak: % 25eko edukiera liburutegi, museo eta kirol eremuetan, profesionalak ez diren kirol ekitaldiak bertan behera, eta gazteen aisialdirako zentroen itxiera.

- Igerilekuak, hondartzak eta eskia: hondartzetan paseatu soilik, eta eski estazioak itxita.

- Hotelak eta erresidentziak: % 25eko edukiera eremu komunetan.

- Osasun publikoaren gaitasuna: % 30 indartzea gutxienez.

4. ALERTA MAILA (MUTURREKOA)

Zirriborroak ez du neurri zehatzik aurreikusten maila horretarako, baina esaten du 3. mailako murrizketez gain, "aparteko neurriak" hartuko direla, "egoera zehatz aztertu ostean, eta pertsonen mugikortasuna mugatzea, itxiera perimetralak edo bestelakoak" tarteko.

MURRIZKETAK 2. ALERTA MAILAN

- Harreman sozialak: sei pertsonako taldeak gehienez, eta 70 urtetik gorakoek lehentasunezko ordutegia izango dute.

- Beilatokiak eta hiletak: gehienez 15 pertsona leku itxietan.

- Ezkontzen tankerako ospakizunak: % 30eko edukiera, eta inoiz ez 35 pertsona baino gehiago.

- Kultu zentroak: % 50eko edukiera, eta debekatuta kantatzea.

- Jatetxeak: % 50eko edukiera terrazetan bi metroko distantziarekin, eta barruan ere % 50eko edukiera, baina 1,5 metroko distantziarekin.

- Bingoak, apustu etxeak, etab: % 50eko edukiera eta 1,5 metroko distantzia aulkitik aulkira.

- Adinekoen egoitzak: egoiliarren irteerak eta bisitak mugatzea.

- Merkataritza lokalak: % 50eko edukiera.

- Garraio kolektiboa: % 60ko edukiera autobusetan, metroan, trenean eta hegazkinean.

- Kultura, kirola eta ekitaldiak: % 50eko edukiera liburutegietan, museoetan, gazteen aisialdirako zentroetan eta kirol eremuetan. Profesionalak ez diren kirol ekitaldiak ikuslerik gabe.

- Igerilekuak, hondartzak eta eskia: % 50eko edukiera.

- Hotelak eta erresidentziak: % 50eko edukiera eremu komunetan.

- Osasun Publikoaren gaitasuna: % 20 eta 30 artean indartu.

MURRIZKETAK 1. MAILAKO ALERTAN

- Harreman sozialak: 10 pertsonatik gorako talderik ez.

- Beilatokiak eta hiletak: gehienez 25 pertsona leku itxietan.

- Ezkontzen tankerako ekitaldiak: % 50eko edukiera, eta inoiz ez 75 pertsona baino gehiago.

- Kultu zentroak: % 50eko edukiera.

- Jatetxeak: % 75eko edukiera terrazetan, bi metroko distantziarekin; eta % 75eko edukiera barruan, 1,5 metroko distantziarekin mahaien artean.

- Bingoak, apustu etxeak, etab: % 75eko edukiera, eta 1,5 metroko distantzia aulkien artean.

- Zaharren egoitzak: egoiliarren irteerak eta bisitak mugatu.

- Merkataritza lokalak: % 75eko edukiera.

- Garraio kolektiboa: ez dago edukiera mugarik.

- Kultura, kirola eta ekitaldiak: % 75eko edukiera liburutegietan, museoetan, gazteen aisialdirako guneetan eta kirol eremuetan.

- Igerilekuak, hondartzak eta eskia: % 75eko edukiera.

- Hotelak eta erresidentziak: % 75eko edukiera leku komunetan.

MAILA GUZTIETAN

- Erretzea debekatuta kalean segurtasun neurria zaindu ezin denean.

- Telelana sustatuko da.

- Parkeak eta aire libreko eremuak irekita prebentzio neurriekin, norbanakoen babeserako neurri egokiekin, eta alkohola kontsumitzea debekatuta.

- Garraio publikoa: maiztasuna handitzea jende gehien dabilen orduetan.

- Dantzalekuak eta gaueko aisialdiko lokalak, itxita.

- Hezkuntza zentroetan horientzat bereziki osatutako gida aplikatzen da, baina 3. alerta mailan hezkuntza erdipresentziala ezartzeko aukera aztertzea aholkatzen da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa