Gizartea -

EGURALDIA

Alerta laranja ezarriko dute EAEn eta Nafarroan, haize bolada bortitzak direla eta

Astearte honetan 101 km/h-ko ufadak izan dira Matxitxakon eta 100 km/h-koak Jaizkibelen. Alerta laranja astearte honetako 21:00etatik aurrera egongo da indarrean EAEn eta Nafarroan.

Gazteak haizearen aurka borrokan Donostian. EiTBren bideo batetik ateratako irudia
Gazteak haizearen aurka borrokan Donostian.
Gazteak haizearen aurka borrokan Donostian. EiTBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarriko du haize-bolada indartsuengatik, astearte honetako 21:00etatik asteazkeneko 03:00ak arte. Nafarroan, Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak hainbat abisu hori eta hiru alerta laranja ezarri ditu horregatik.

Euskalmeten arabera, gaur gauerako eta datorren goizalderako alertak mendi inguruetan izango du eragina: orduko 110 edo 120 kilometroko abiadura gainditu ahal izango dute, eta kostaldean, berriz, 80-100 kilometro orduko abiadura.

Haizeguneak ez diren lekuetan ere alerta laranja izango da, barnealdean orduko 90-100 kilometroko haize-boladak espero baitira.

Alerta laranja horiez gain, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horiak ezarri ditu astearte honetako 21:00ak arte, haize bolada indartsuak izateko arriskuagatik.

Haizeguneak ez diren lekuetan ere, 21:00ak arte egongo dira abisuok indarrean; izan ere, hego-ekialdeko boladak areagotu egingo dira azken orduetan, eta 80-90 km/h-ko abiadura gainditu dezakete ekialdean eta 60-80koa mendebaldean.

Asteazken goizaldeko 03:00etatik aurrera, alerta laranja igaro ondoren, abisu horia ezarriko da berriro 09:00ak arte, haizeguneetan, 100 km/h-ko ufadak espero baitira ekialdean eta 70-80 km/h-ko ufadak mendebaldean; haizeguneak ez direnetan, berriz, 80 km/h-ko ufadak egon litezke.

Haize bolada gogorrak Matxitxakon eta Jaizkibelen

Astearte honetan, 101 km/h-ko ufadak izan dira Matxitxakon (Bizkaia) eta 100 km/h-koak Jaizkibelen (Gipuzkoa), Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Euskalmeten bidez jakitera eman duenez. Gainera, haizeguneetan, 98 km/h-ko haize-boladak izan dira Oizen (Bizkaia) eta 96 km/h-koak Zaldiaranen (Araba); haizeguneak ez diren eremuetan, berriz, 98 km/h-ko haize-boladak izan dira Ilarduian eta 85 km/h-koak Kanpezun (Araba).

Euskalmeten arabera, asteazkenean haizeak intentsitatea galduko du goizean, eta ostegunean hegoaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogor batzuekin mendi inguruetan, baina arratsaldean iparraldera egingo du.

Nafarroan ere alerta laranja

Nafarroan, eguerdira arte abisu horiak egongo dira indarrean isurialde atlantikoan eta Pirinioetan, 80 km/h-ko ufadak espero baitituzte. 12:00etatik aurrera, haizea zakartu egingo da eta 120 km/h-ko boladak erregistra daitezke. Hala, alerta laranja ezarri dute (asteazkeneko 00:00etara egongo da indarrean). Nafarroa erdialdean, alerta laranja aktibatuko dute 21:00etatik 00:00etara.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Denboraleak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak