Gizartea -
EZ-JAIAK
Basauriko "ez-jaiak" 66 zehapenekin amaitu dira arau-hausteengatik
Arau-hausteak egon arren, Udalak eta Udaltzaingoak eta Ertzaintzak osatutako dispositiboak positibotzat jo dituzte "ez-jaiak", eta basauriarren jokabidea eskertu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak eta Basauriko Udaltzaingoak 66 zehapen jarri dituzte San Faustoko "ez-jaien" 10 egunetan.
50 salaketa Osasun aginduaren kontrako arau-hausteengatik jarri dira. Arau-hausteen arrazoiak hauek izan dira: maskara ez izatea edo gaizki erabiltzea, kale-zurruta, espazio publikoetan distantzia gorde gabe erretzea edo hamar laguneko gehienezko edukiera ez errespetatzea.
Beste bost salaketa ere jarri dituzte, Herritarren Segurtasunerako Legea urratzeagatik, desobedientziagatik eta agintaritzari errespetu faltagatik. Eta udal-ordenantzei dagokienez, ostalaritzako terrazetako 10 arau-hauste salatu dira, eta bat, jokabide eta garbitasun publikoagatik.
Arau-hausteak egonda ere, udal agintariek "balantze positiboa" egin dute. Hoien arabera, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko dispositiboa eraginkorra izan da, eta "basauriarrek arduraz jokatu dute, jende askorik bildu gabe".
Hamar egunetan ez da kale-zurrutagatik edo maskara ez eramateagatik salaketa "aipagarririk" izan, eta gazteen lokaletan ere ez da esku hartu behar izan. Polizia-arduradunen arabera, kale-zurrutagatik edo maskara ez eramateagatik jarritako salaketak "oso noizbehinkakoak izan dira, edozein asteburutan izan daitezkeenak beste".
Udalerriko alkate Asier Iragorrik oso positibotzat jo du herritarren jarrera, eta "basauriarren jokabidea kontsekuentea" izan dela esan du, "kuadrillek jaiak ez ospatzeko izan duten erantzukizuna eta babesa ere erabakigarria izan da, eta eskertu egin nahi dut", gaineratu du.