Gizartea -
KORONABIRUSA
Fernandez: "Laster mugatuko da, ziur aski, gaueko aisialdia"
EAEn pandemia kontrolatzeko sortutako batzorde teknikoaren koordinatzaileak "nork bere burua mugatzeko" eskatu die herritarrei, hori aginduko duen lege baten zain egon beharrean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pandemia kontrolatu ahal izateko, gaueko jarduera mugatzea "oso garrantzitsua" dela berretsi du Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Gizarte Trantsizio eta 2030 Agendarako idazkari eta Euskadiko pandemia kontrolatzeko batzorde teknikoaren koordinatzaileak, eta hori ahalbidetuko duen "arau-tresna egokiarekin", murrizketa hori "ziur aski denbora gutxian" iritsiko dela iragarri du.
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, COVID-19aren pandemiak EAEn duen egoera zein Iñigo Urkullu lehendakariak Pedro Sanchezi Estatu osoan alarma egoera deitzeko egindako eskaria aztertu ditu.
Horren harira, Fernandezek esan du lehendakariaren eskaera "errealitatearen irakurketan oinarritua" dagoela. Eta ildo horretan, duela bi astetatik hona bilakaera ezustekoa izaten ari dela adierazi du, "bai Estatu osoan baita Europan ere" .
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Eusko Jaurlaritzaren neurri batzuk atzera bota dituela ikusita, "beste autonomia-erkidego batzuetako auzitegiek bestelako ebazpenak" eman dituztela gogoratu du Fernandezek. Ebazpenaren aurrean, beharrezkoa da bere ustez, erkidegoek aginduko duten alarma egoera ezartzea, "edozein unetan neurriak arin eta azkar hartzeko aukera izatea, ikuspegi juridikotik erabakiak mugatu eta atzeratuko ez dituena".
Etxeratze agindua
Alarma egoera aldarrikatzen bada har daitezkeen neurrien artean Eusko Jaurlaritzak etxeratze agindua ezar lezakeela adierazi du Jonan Fernandezek.
"Gaueko jarduera gutxienekora mugatzea oso garrantzitsua da, eta ziurrenik denbora gutxian iritsiko da murrizketa hori, agindu edo arauzko tresna egoki baten bidez", adierazi du. Dena dela, inolako agindurik gabe ere norberak "bere burua mugatu" beharko lukeela gaineratu du Fernandezek.
"Gauez jarduera ia hutsera mugatzearen eta egunean zehar mugikortasuna eta harreman sozialak mugatzearen" alde egin du pandemia kontrolatzeko batzorde teknikoaren koordinatzaileak, "egoera oso konprometituan baikaude". Halaber, gogorarazi du prebentzio neurri guztiak ez direla betirako, "une zail batean eman beharreko erantzun zorrotza" direla pentsatu behar dela esan du, eta orain hartu behar direla, "datuak kezkagarriak direlako".
Konfinamenduak
Bestalde, mugikortasuna mugatzeko edo konfinamendu perimetralak ezartzeko aukera "mahai gainean" dagoela onartu du, eta "auzoka, herrika, osasun-eremuka, eskualdeka nahiz Autonomia Erkidego osoari" aplika dakizkiokeela gaineratu du.
"Egunero egiten den analisiaren arabera" hartuko dela erabakia azaldu du, eta egoera larriagotzen bada, "konfinamendu gogorragoak eta zorrotzagoak" ere deitu daitezkeela adierazi du, "modu kirurgikoan".
Egiten den guztia "erabateko konfinamendua saihesteko" egiten dela gaineratu du, "horrek osasun ekonomikoan eta sozialean eragin oso gogorrak dituelako".