Gizartea -

KORONABIRUSA

Chivite: "Alarma dekretua baliagarria da eta bat dator Nafarroak eskatutakoarekin"

Indarrean jarraituko dute Foru Erkidegoak onarturiko murrizketek, eta bihar aztertuko da zer ordutegi ezarriko den gauez mugikortasuna mugatzeko. Gaur, 23:00etan hasiko da etxeratzea.

Maria Chivite presidentearen artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Maria Chiviteren artxiboko irudia.
Maria Chivite presidentearen artxiboko irudia. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Chivite Nafarroako presidenteak uste du Espainiako Ministro Kontseiluak gaur onarturiko alarma egoera "baliagarria" dela "birusaren kontrako eta herritarren osasunaren aldeko borrokan", eta "bat datorrela" Nafarroak ostiralean eskatu zuenarekin.

Chivitek adierazi duenez, "dekretuan jasotako hainbat neurri jada indarrean daude Nafarroan duela egun batzuetatik" eta horrek adierazten du Nafarroa "zuzen" aritu dela, "osasun irizpide teknikoetan oinarrituta, eta justiziaren babesarekin, erabakiak aurrez hartzen".

Nafarroa perimetralki ixtea eta bilerak, bai arlo pribatuan bai publikoan, 6 pertsonara mugatzea aipatu ditu dekretuarekin bat egiten duten neurrien adibide gisa. Ostegunetik daude neurri horiek indarrean Foru Erkidegoan.

Nafarroako Gobernuaren azken agindu foralean jakinarazitako mugek indarrean jarraitzen dutela gogorarazi du presidenteak eta gaur, Espainiako Gobernuak agindu bezala, etxeratze agindua 23:00etan hasiko den arren, bihar erabakiko dutela ea ordutegi hori mantentzen duten edo moldatzen duten; baita beste edozein neurri gehitzen duten ere.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea Nafarroa Tutera Espainiako Gobernua bideoak Espainia bideoak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Tafalla Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Lizarra María Chivite Koronabirusa Alarma-egoeraren amaiera