Gizartea -
Koronabirusa
Baheketak egingo dizkiete Ermuko, Mallabiko, Beasaingo eta Zumaiako herritarrei
Zenbait egunez egingo dituzte PCR probak. Kasu guztietan 13 eta 40 urte arteko herritarrak daude jomugan.
EITB.EUS
Azken egunotan COVID-19 kasuek gora egin dutela eta, PRC probak egingo dituzte Ermuan (Bizkaia) eta Zumaian eta Beasainen (Gipuzkoa). Kasu guztietan, 13 eta 40 urte bitarteko herritarrak dira jomuga. Udalerriok maila gorrian daude (azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago dituzte).
Ermuko baheketari dagokionez, ermuarrak ez ezik Mallabiko bizilagunak daude deituta. PCR probak Arizmendi frontoian egingo dituzte, gaurtik ostegunera arte (13:00etik 20:00etara). Proba egiteko beharrezkoa da hitzordua eskatzea 943 03 26 44 telefonoan, edo Osasun Kontseiluarenean: 900 20 30 50.
Zumaian ere gaur ekingo diote probak egiteari. Aitzuri frontoian jarriko dute testak egiteko azpiegitura. Gaur, 15:30etik 19:30era egingo dituzte probak, eta asteartean eta asteazkenean, 8:30etik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era.
Hezkuntza zentroetako ikasleek ez dute hitzordua eskatu behar, ikastetxeetako zuzendariak arduratuko direlako hori antolatzeaz. Gainerako herritarrek hitzordua eskatu beharko dute, gaurtik aurrera, osasun zentroan (943 00 64 90) eta Osasun Kontseiluaren telefonoan.
Beasainen, Pergola pilotalekuan jarriko duten azpiegitura batean egingo dituzte testak. Probak egiteko ordutegia honakoa izango da: 13:00etatik 20:00etara, gaurtik asteazkenera. Herritarrek bi modu izango dituzte aurretiazko hitzordua hartzeko: Beasaingo Osasun Zentrora deituta (943 02 77 00) edota Osasun-aholkura (900 20 30 50).
Osakidetzak gogorarazi duenez, PCRa egin eta emaitza jakin arte, komeni da harreman sozialeko jarduerarik ez egitea, eta segurtasun neurriak zorrotz betetzea.
Probaren emaitza 72 orduko epean jasoko du herritarrak, SMS bidez, positiboen eta negatiboen kasuan (telefonoa eman beharra dago hitzordua eskatzen denean). Positibo izanez gero, telefonoz deituko dute. PCRa egin eta 72 orduko epean erantzunik jasotzen ez bada, deitu egin behar da osasun zentrora.