Gizartea -
IRUZURRAK
Arabako zahar-etxeei iruzur egiten saiatu direla ohartarazi dute
Iruzurgileek Osasunaren Mundu Erakundeko ikuskatzaileak direla esaten dute, eta eskudirutan ordainketak egiteko eskatzen dute ikuskapen faltsuak egin eta materiala ematearen truke.
EITB.EUS
Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Saileko Erregistro eta Ikuskaritza Zerbitzua harremanetan jarri da lurraldeko egoitza publiko zein pribatu guztiekin, azken egunetan zentro horietan atzeman den iruzur saiakera bati buruz ohartarazteko.
Egoitzetako batzuek Munduko Osasun Erakundeko (MOE) ikuskatzaile direla esaten duten pertsonen deiak jaso dituzte. Pertsona horiek zentrora bisita egingo dutela iragartzen dute, eta eskudirutan ordainketak egiteko eskatzen dute ikuskapen faltsuak egin eta ustez erabilitako materialaren truke.
Arabako Foru Aldundiak ohartarazi duenez, dei horiek iruzurra egiten saiatzeko egiten dituzte, eta erosketa zentralizatuarekin bat egin duten zentroentzat Osakidetzak erosiko duen osasun materiala jasotzeko ez dela inolako ordainketarik eskudirutan egin behar argitu du.
Gizarte Politiketako Sailak duen informazioaren arabera, zahar-etxe batek ere ez die ezer ordaindu iruzurgileei.