Gizartea -
Trafiko istripua
Kamioilari bat hil da A-8tik behera amilduta, Eibarren
Antza, trailerra bidetik irten eta errekaraino erori da. Kamioiko gidaria barruan harrapatuta geratu da.
Erredakzioa
Kamioilari bat hil da Eibarren, A-8 autopistatik behera amilduta, hala jakinarazi du Herrizaingo Sailak.
30 urteko kamioilari portugaldarraren ibilgailua errepidetik atera eta Deba ibaira erori da.
Istripu larria arratsaldeko 13:20an jazo da, antza esnea zeraman kamioi bat bidetik irten da eta errekaraino erori da.
Kamioiko gidaria barruan harrapatuta geratu da. Istripua izan den tokira joan diren larrialdi zerbitzuek kamioilariaren heriotza baieztatu besterik ezin izan dute egin.
Ezbeharra gertatu eta eskuineko erreia itxita geratu da Irunerako noranzkoan. 16:50ean errepidea erabat itxi dute garabi batek kamioia erretiratzeko. Lanek pare bat kilometroko auto-ilarak eragin dituzte Irungo noranzkoan.
Maiatzaren 30ean beste kamioi batek antzeko ezbeharra izan zuen, baina, orduan ez zen behera erori, kamioiaren kabina autopistako zubitik zintzilik geratu zen.
Hainbat ibilgailuren arteko talka
Beste ezbehar bat 14:30 aldera jazo da N-634 errepidean, Eibar parean, Maltzagako noranzkoan.
Argitzeke dauden arrazoiengatik bi autok aurrez aurre talka egin dute. Jarraian beste bi autok aurreko bien aurka talka egin dute. Istripuan bost lagun zauritu dira.
Zorrotzako bihurguneetan
Hirugarren istripu bat A-8 autobidean jazo da, Zorrotzako (Bilbo) bihurguneetan, Kantabriako noranzkoan, 15:25 aldera. Bi autok istripua izan dute eta horietako bat irauli egin da ezbeharraren ondorioz. Hiru erreietatik bi itxita geratu dira. Emakume bat zauritu eta auto-ilara luzeak izan dira.