Gizartea -
Koronabirusa
Illa: "Aurtengo festak ezberdinak izango dira, negu luzea dator"
Herritarrek birusaren aurkako neurriak betetzen jarraitzea ezinbestekotzat jo du Espainiako Osasun ministroak.
Agentziak | Erredakzioa
Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak Diputatuen Kongresuan azpimarratu du "negu luzea" datorrela, COVID-19aren kasuek azken egunotan izandako gorakada nabarmena hizpide. Horregatik, aurtengo festak ezberdinak izango direla jakinarazi du.
Alarma egoerari eustea beharrezkoa dela esan ostean, herritarrei mezua bidali die birusaren aurkako neurriak bete ditzaten, "senitartekoak besarkatzeko gogoz egon arren".
Zentzu horretan, aurreratu du etorkizunean ere birusarekin bizi beharko garela. "Neguak luze joko du, ospakizunetan garai berrietara egokitu beharko gara. Pertsona zaurgarriak eta gure osasun sistema babestu behar ditugu. Guztiok babestu behar gara, herritarren osasuna babesteko", arrazoitu du. Hori dela eta, maskarak erabiltzeko, eskuak behin eta berriz garbitzeko, mugikortasuna mugatzeko eta aire zabaleko jardueretan denbora gehiago igarotzeko eskatu die herritar guztiei.
Gaurko agerraldian, martxoaren 14an onartutako alarma egoeraz ere hitz egin du: "Gure orduko asmoa zen kutsatzeen kurba makurtzea, eta arriskurik gabeko maila batean uztea. Alarma egoerak lagundu egin zigun horretan. Helburua zen pixkanaka normaltasunera itzultzea, atzerapausorik eman gabe", adierazi du.