Gizartea -

Eusko Legebiltzarra

Konfinamendu "zorrotzak" eta kirola murriztea aztertzen ari da Eusko Jaurlaritza

Urkulluk esan duenez, konfinamendua "errazena litzateke", baina mota horretako erabaki bat hartzea ekidin behar da, pandemiaren lehen olatua "oso gogorra" izan zelako.

Iñigo Urkullu. ARtxiboko irudia: EFE
Iñigo Urkullu
Lehendakariak ez du baztertzen neurri zorrotzagoak hartzea egoerak hala eskatzen badu

1:8

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak esan duenez, koronabirusaren hedakuntzari aurre egiteko murrizketa berriak ezartzeko aukera aztertzen ari da Eusko Jaurlaritza, esaterako, gaueko aktibitatea "gehiago murriztea", kirol aktibitatea gutxitzea, "goi ikasketetan" hezkuntza telematikoa ezartzea baita konfinamendu "zorrotzagoa" ere, azken neurri horretaz ez baliatzea espero badu ere.

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran Urkulluk esan duenez, konfinamendua "errazena litzateke", baina mota horretako erabaki bat hartzea ekidin behar da, pandemiaren lehen olatua "oso gogorra" izan zelako.

Lehendakariak, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen galderei erantzunez, kutsatzeak gutxitzeko norbanakoaren eta taldearen konpromisoa eskatu du, eta esan du osasuna herritarren bizitza eta aktibitate ekonomikoa bermatzen dituen oreka bat bilatu behar dela.

Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzaren "inprobisazioa" eta mezu "aldakorrak" kritikatu ditu. Gainera, pandemiaren hedakuntzari aurre egiteko ohiz kanpoko neurriez gain, herritarren sektore ahulen bizitza "duina" bermatuko duten erabakiak hartzea eskatu du.

Bere erantzunean, lehendakariak Exekutiboak hartutako neurriak  eta ondorio ekonomikoak leuntzeko laguntza programak errepasatu ditu, eta esan du Eusko Jaurlaritza neurri prebentibo berriak hartzeko aukera aztertzen ari dela. Besteak beste, gaueko aktibitatea "gehiago murriztea", aktibitate fisikoa edo kirol aktibitatea gutxitzea, "goi ikasketetan" hezkuntza ez presentziala ezartzea baita konfinamendu "zorrotzagoak" ere.

Exekutiboa konfinamendu zorrotz horiek ez ezartzen saiatuko da, pandemiaren lehen olatuan "oso neurri gogorra" izan zelako. Osasun krisiaren eboluzioaren arabera murrizketak "doitzen" joatearen alde egin du, "bizitzen eta lan egiten jarraitu" ahal izateko. "Azken aukera dena ixtea eta herritar guztiak konfinatzea da. Errazena litzateke, baina ekiditen saiatu behar gara", esan du.

"Osasun publikoaren eta ekonomikoaren arteko oreka"

EH Bilduko bozeramaile Maddalen Iriartek lehendakariari galdetu dio pandemia EAEn izaten ari den eboluzioaren inguruan. Erkidegoak alerta gorrian jarraitzen du, asteazkenean 100.000 biztanleko 607,03ko kutsatze tasarekin.

"Urkullu jauna, zerbait egitea eskatzen dizut, ekonomia kaltetzeko beldurrez beharrezkoak diren neurriak ez hartzeak, azkenean, ekonomia eta osasuna kaltetuko baititu", ohartarazi du.

Neurriak "Estatuko murriztaileenak" direla esan du lehendakariak, "egoera txarrena ez den arren", "kontsolagarria ez bada ere". "Egunez eguneko eboluzioa jarraitzen ari gara, eta neurriak hartzen osasun agintarien bermearekin; lankidetza dago Estatuaren eta euskal instituzioen artean", nabarmendu du.

Gainera, "ziurgabetasunaren aurrean" Eusko Jaurlaritzari "dagokio oreka bermatzea" eta "osasun publikoa, ekonomikoa eta soziala bermatzea".

"Egoera larrian gaude, kezkatuta, eta neurriak hartzen jarraitu behar dugu; onena gure burbuilan geratzea da".

Lehendakariak esan duenez, oraindik txertorik edo ebidentzia zientifikorik ez izanda, beharrezkoa da "erabakiak hartzea", testuingurua kontuan izanda, "osasuna mantentzeko" helburuarekin. "Horretarako osasun sistema eraginkorrena bermatu behar da. Euskadi puntako erkidegoa da osasun inbertsioan, kasuen eta kutsatzeen bilaketan eta detekzioan", esan du.

Nabarmendu duenez, "sektore kaltetuenei laguntzeko" neurriak ere hartu dira. "Lan-erregulazioko espedienteak osatzen, COVID-19 funtsa martxan jartzen eta sektore kaltetuenei diru-laguntzak ematen lehenak izan gara", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra EAE albisteak Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur Koronabirusa Bigarren alarma-egoeraren amaiera