Gizartea -

Koronabirusa

Urkulluk ostegunerako deituko du LABI aholku batzordearen bilera

Eusko Jaurlaritzak azpimarratu duenez, "ezin gara etxean geratu hiru hilabetero". Hori horrela, etxeko konfinamendura heldu baino lehen "neurri gehiago" har daitezkeela ohartarazi du.

LABIren aurreko bilera baten argazkia. EFE
LABIren aurreko bilera baten argazkia
Lehendakariak ostegunean erabakiko du neurri are murriztaileagoak hartuko dituen

1:41

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak ostegunerako, hilaren 5erako, deituko du LABI Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku batzordearen bilera. Koronabirusak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) duen bilakaera dela-eta, neurri murriztaile gehiago hartu behar ote diren aztertuko dute batzarrean. Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du udaberriko "konfinamendu orokorra saihestu" nahi dutela, baina aitortu du "aukera guztiak zabalik" daudela. 

Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak baieztatu du deialdia gobernu bileraren ondotik asteartero egiten duen prentsaurrekoan.

Etxeko konfinamendua ezartzeko aukeraz galdetuta, Zupiriak erantzun du Eusko Jaurlaritzak uste duela pandemia ez dela "hilabetean konponduko", hilabete hori etxean egoteagatik. Horren ildoan, "luzaro gurekin geratuko den gaixotasun horrekin elkarbizitzen ikasi" behar dugula azpimarratu du. Izan ere, bozeramaileak esan du ezin dela baztertu COVID-19 olatu berriak egotea "datorren urteko udaberrian edo udan". "Ezin gara etxean geratu hiru hilero zientziak gaixotasun hau menperatu arte", ondorioztatu du.

Hori horrela, konponbidea heldu bitartean egiteko asko dagoela azpimarratu du Zupiriak: "Neurri eta erabaki asko har daitezke konfinamendu orokorrera heldu baino lehen".

LABI aholku batzordea ostegunean bilduko dela iragartzearekin batera, bezperan Osasun Ministerioak eta erkidegoetako osasun arduradunek egingo duten bilera ere aipatu du Jaurlaritzako bozeramaileak. Zupiriaren esanetan, "gai ordenan puntu bakarra dago: egoeraren azterketa".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Alarma egoera LABI gaur