Gizartea -

Koronabuloak

Ez, Urkulluk ez du esan asteazkenean konfinamendua ezarriko duela

Sare sozialen bidez zabaltzen ari den irudi batean ikusten dena ez da egia, Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du "etxeko konfinamendua azkeneko aukera" dela.

Sarean zabaldu den gezurrezko albistea. Argazkia: EiTB
Sarean zabaldu den gezurrezko albistea. Argazkia: EiTB
Sarean zabaldu den gezurrezko albistea. Argazkia: EiTB

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ez Iñigo Urkullu lehendakariak, ez Eusko Jaurlaritzak, ez dute esan asteazkenean herritarrak konfinatuko dituztenik. Kontrakoa baizik, adierazi dute "azkeneko aukera" dela hori.

WhatsAppen eta beste sare sozial batzuetan zabaltzen ari diren irudian hau irakur daiteke: "Urkulluk asteazkenean, 4ean, ezarriko du etxeko konfinamendu berria". Horren azpian, hau: "Urkulluk adierazi du asteazkenera edo ostegunera arte itxarongo dutela azken neurri murriztaileen eragileen osteko neurriak aztertzeko, gogorragoak jarri behar ote diren erabakitzeko. Sagarduik "elkartasuna eta ez fidatzeko" eskatu die herritarrei.

eitb.eus-en erredakzioan neurri hori, oraingoz bederen, baztertzen duten informazioak jaso ditugu.

Hala, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak berretsi egin du osasun egoera "larria" dela eta kutsatze kopuruak gorako joerari eusten diola, "abiadura moteldu bada ere".

Ignacio Garitano Osasun Saileko eta Osakidetzako Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaileak agerraldia egin du arratsaldean, COVID-19aren pandemiaren eraginari buruzko datuak emateko.

Etxeko konfinamenduaz galdetuta, Garitanok esan du oraingoz ez dutela horrelako erabakirik hartu eta, edonola ere, neurri hori "azken aukera" izango litzatekeela zehaztu du.

Iñigo Urkullu lehendakariak, berriz, goizean jakinarazi du Jaurlaritzak asteazkenean edo ostegunean egingo duela bilera neurriak zorroztu ala ez erabakitzeko, eta aukera guztiak mahai gainean izango direla onartu du.

"Egoera oso kezkagarria da, baina osasuna eta ekonomia bermatzeko oreka bilatuz aztertuko dugu gaia”, azaldu du Radio Euskadin egindako elkarrizketan. Hori bai, ohartarazi du "dena mahai gainean" dagoela.

Alabaina, Salvador Illa Osasun ministroak aukera horri indarra kendu dio eta berretsi egin du Espainiako Gobernuak ez duela etxeko konfinamendurik aurreikusten. "Une honetan ez dugu horrelakorik aurreikusten eta ez gara aukera hori lantzen ari", azpimarratu du.

Ikuspuntu juridikoari dagokionez, Garbiñe Biurrun EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko jarduneko presidenteak esan du alarma egoera ezartzeko onartu zuten urriaren 25eko Errege-dekretuak ez duela etxeko konfinamendurik aurreikusten eta, beraz, neurri hori egun hartu ezingo litzatekeela ziurtatu du.

Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Biurrunek zehaztu du dekretu berri bat argitaratzea edo urriaren 25eko berritzea ezinbestekoa izango litzatekeela etxeko konfinamendua agindu ahal izateko.

EiTBk, #Koronabuloak ekimenean, Maldita.es-ekin, VOSTEuskadi Euskadiko Boluntario Digitalen Elkartea ere du bidelagun, koronabirusaren inguruan sortzen diren buloak geldiarazteko, eta Eva Caballerok Radio Euskadin zuzendu eta aurkezten duen La Mecanica del Caracol dibulgazio-saioko komunitate zientifikoaren laguntza ere badu. Gainera, EiTBk erabiltzaileen abisuak jasotzen ditu, 600 900 454an, alegia, #Koronabuloak ekimeneko WhatsApp zenbakian.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuakAlbiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza EAE Gaixotasunak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Medikuntza albisteak Albiste faltsuak Koronabirusa Zer egin daiteke Euskadin? LABI bilera gaur