Gizartea -

NAFARROA

Lau urte eta erdi, Tafallan autobus bat lapurtu eta kontrako noranzkoan gidatzeagatik

Iruñeko Epaitegiak ezarritako zigorra berretsi du Nafarroako Auzitegiak, auzipetuak beste gidari batzuen bizitza arriskuan jarri zuelakoan.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tafallan autobus bat lapurtu eta ausarkeriaz gidatu zuen gizon bati lau urte eta erdiko zigorra berretsi dio Nafarroako Auzitegiak. Iragan martxoan, Iruñeko Zigor Arloko 4. Epaitegiak lau urte erdiko kartzela zigorrera kondenatu zuen, auzipetuak beste gidari batzuen bizitza arriskuan jarri zuela iritzita. 

Espetxe-zigorraz gain, epaileak 1.800 euroko isuna ezarri zion kondenatuari, ibilgailu motordun bat osteagatik, eta 3.960 euroko isuna, ostera, bide-segurtasunaren aurkako delituengatik, ausarkeriaz gidatzeagatik, besteen bizitza mespretxatzeagatik, lesio delitu batengatik, eta baimenik gabe gidatzeagatik.

Nafarroako Auzitegiko magistratuek instantziako epailearen arrazoiak babestu dituzte eta haren ondorioak "egokiak" izan zirela gaineratu dute, auzipetuak "besteen bizitzarekiko mespretxua" agertu zuelakoan. Era berean, Auzitegiak errefusatu egin du drogen eraginpean egoteagatik aringarriak ezartzea.

Epaian irakur daitekeenez, 2018ko azaroaren 18an, 09:25ean, 20 urteko auzipetua Tafallako Abaco kaleko autobus aparkalekura joan zen, eta bertan autobus batera sartzeko giltza hartu zuen. Ondoren, ibilgailua martxan jarri zuen, gidabaimenik izan ez eta drogaren eraginpean egon arren.

Akusatuak "gehiegizko abiaduran" gidatu zuen autobusa, eta, ondorioz, hainbat ibilgailuk gelditu egin behar izan zuten edo maniobra arriskutsuak egin behar izan zituzten harekin talka ez egiteko. Bere bidean, auzipetuak autoak, kamioiak eta bide-seinaleak jo zituen, ez zituen seinaleak errespetatu, eta kontrako noranzkoan gidatu zuen, bidean ez ezik, baita biribilgune batean ere.

Gainera, ez zion jaramonik egin gelditzen agindu zion Foruzaingoaren patruila bati.

09:42an, Guardia Zibilaren patruila batek eta Foruzaingoaren ibilgailu batek bidea itxi ziotenean, auzipetuak bat-batean frenatu zuen eta autobusak Foruzaingoaren autoa jo zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Delituak argazkiak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Tafalla Gaurko azken orduko albistea Abokatuak azken ordukoa Foruzaingoa