Gizartea -
DROGAREN AURKAKO OPERAZIOA
Lizarra eta inguruko herrietan kokaina eta heroina saltzen zuen taldea desegin dute
Guardia Zibilak 7 pertsona atxilotu ditu, droga-trafikoaren delitua egotzita, bi fase izan dituen operazio batean. Atxilotuetako baten etxebizitzan 166.000 euro aurkitu zituzten agenteek, eskudirutan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Guardia Zibilak kokaina, heroina eta metadona saltzen zituen sare kriminal bat desegin du Lizarrako merindadean "OBLITUS" operazioaren baitan.
Ikerketa 2020ko otsailaren 3an hasi zen, Herritarren Segurtasunerako Unitateko (USECIC) agenteak AP-15eko 103 kilometroko ordainlekuan polizia-kontrol bat egiten ari zirela, 72 gramo heroina zituen pakete bat atzeman zutenean. Poliziaren presentziaz ohartu zenean, herritar batek pakete hori ordainketa-kutxa automatikoaren gainean utzi zuen.
Atzemandako substantzia, Nafarroako Guardia Zibilaren Polizia Judizialaren Unitate Organikoaren egoitzara eraman zuten, haiek drogaren jatorria iker zezaten. Horrela hasi zen "OBLITUS" operazioa.
Egindako ikerketari esker, bidesaria norberak ordaintzeko kabinan droga utzi zuen pertsona identifikatu ahal izan zuten. Aiegiko bizilagun bat zen, eta polizia haren arrastoaren atzetik hasi zen.
Horrela, agenteek egiaztatu zuten pertsona horren etxetik gertu hainbat droga mota saltzen zirela maila txikian; batez ere, heroina. Substantzia horiek Lizarrako merindadeko biztanleei saltzen zizkien.
Gerora egindako ikerketetan, Ayeguiren salmenta-gune horretako heroina eta kokainaren jatorria edo hornitzailea topatzen saiatu ziren, eta beste ikerbide bat ireki zen, droga saltzeko zenbait gune hauteman baitzituzten Aiegin eta Lizarran.
Ikertutako taldearen barruan, taldeko kideren batek drogarekin loturiko aurrekariak zituen. Talde horrek segurtasun-neurri zorrotzak zituen legez kanpoko jarduera egin ahal izateko.
Atxiloketak
Behin taldea nola zegoen osatuta eta egituratuta jakin ondoren, operazioaren 1. faseari ekin zioten, eta taldeko lau kide atxilotu zituzten. Hainbat etxetan egindako miaketetan, substantzia estupefaziente ugari atzeman zituzten, eta taldeko kide baten etxean 166.000 euro atzeman zituzten, eskudirutan.
Ondoren, operazioaren 2. fasean, taldeko gainerako kideak atxilotu zituzten. Haietako bat Herritarren Segurtasunerako Unitatearen (USECIC) polizia-kontrol bat saihesten saiatu zen, eta orduantxe erositako kokaina kopuru handia zuen pakete bat bota zuen leihotik.
Hiru kide horiek atxilotutakoan, Lizarrako hainbat etxebizitza miatu zituzten. Bertan, droga, dirua eta substantzia estupefazienteak banatzeko tresnak aurkitu zituzten.
Taldea, deseginda
Operazio honekin, espainiar nazionalitatea duten 24 eta 62 urte bitarteko 7 pertsona atxilotuta, taldea desegintzat jo dute.
Gainera, hainbat droga mota atzeman dituzte: 300 gramo heroina, 70 gramo kokaina, 40 gramo marihuana, 116 ontzi metadona, 12 marihuana landare eta 170.000 euro baino gehiago eskudirutan, baita ibilgailu bat eta 12 baskula droga nahasi eta banatzeko.
Operazio horrekin, Lizarrako merindadeko hainbat udalerritan substantzia estupefazienteak saltzeko bost gune garrantzitsu desegin omen dituzte.