Gizartea -
Estatu islamikoaren erasoa
2017ko Kataluniako atentatuen epaiketa hasi da Auzitegi Nazionalean
Fiskalak 41 urteko kartzela zigorra eskatu du hiru auzipetuentzat; herri akusazioek, berriz, espetxe iraunkor berrikusgarria.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak gaur ekin dio 2017ko abuztuaren 17an Katalunian hainbat atentatu egin zituen talde jihadistaren kontrako epaiketari. Bartzelonan eta Cambrilsen (Tarragona) egindako erasoetan 16 pertsona hil eta ehunka zauritu ziren.
Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen duen egoitzan izango da epaiketa, atentatuak gertatu eta hiru urtera. 20 bat saio aurreikusi dituzte, eta abenduan amaitzea espero da.
Hiru gizon jesarri dira akusatuen aulkian: Driss Oukabir, Mohamed Houli Chemlal eta Said Ben Iazza. Fiskaltzak 8-41 urteko kartzela zigorra eskatu du hirurentzat, baina egotzitakoen artean ez du hilketa jaso. Izan ere, fiskalaren arabera, hiru auzipetuek ez zuten atentatuetan parte hartu, baina talde jihadistako kide izan zirela uste du.
Bartzelonako Ramblan harrapaketa egin omen zuten sei erasotzaileak Cambrilsko itsas pasealekuan hil zituzten, tiroz.
Ripolleko imama
Ministerio Publikoak bere behin-behineko akusazio idatzian jasotakoaren arabera, akusatuak (duela hiru urte atxilotu zituztenetik behin-behineko espetxealdian daude) Abdelbaki Es Satty Ripolleko imamaren “ingurukoak” ziren. Bartzelonako atentatuetan erabilitako lehergaiak prestatzen ari zirela hil zen, Alcanarreko etxebizitza batean.
Fiskalak azpimarratu duenez, Mohamed Houli Chemlal akusatua “Estatu Islamikoaren postulatuak jarraitzen zituen eta (Ripolleko) imama buru zuen zelula kriminal bateko kide zen”. Mohamed Houli Chemlal Alcanarreko leherketan zauritu zenetako bat izan zen eta fiskalak berarentzat egin du zigor eskaerarik handiena, hainbat delitu leporatuta: talde terroristako kide izatea, lehergaiak egitea, izatea eta biltegiratzea, eta kalte terroristak egiteko konspirazioa egitea.
Ildo horretan fiskalak gaineratu duenez, akusatuak “adiskidetasun harreman ona” zuen imamarekin eta “islamarekiko interesa agertzen eta meskitara erregulartasunez joaten” hasi zen. Idatzian irakur daitekeenez, zelula terroristako “anaia zaharren” bitartez hasi zen bien arteko harremana.
Lehenik eta behin, Youssef Aalla, Younes Abouyaaqoub eta Mohamed Hichamy "muturreko jihadismoan hezi" zituen Abdelbaki Es Satty imamak, Ripollen zuen etxean. “Islamaren izenean muturreko indarkeria erabiltzea justifikatzen zuen, ideia fanatiko hori gainerako kideei helaraziz", fiskalaren arabera. Ondoren, "gazteenak erakarri zituzten talde kriminalera”: Omar Hichamy, Mohamed Houli Chemlal, Said Alla, Moussa Oukabir eta El Houssaine Abouyaaqoub.
Oukabirren kasuan, fiskalak 36 urteko kartzela zigor eskaera egin du Houli Chemlal akusatuari egotzitako delitu berak leporatuta. Fiskalaren esanetan, 2017aren erdialdean gehitu zen taldera eta “ondo baino hobeto finkatuta” zegoen zelula terroristaren baitan.
Ben Iazza hirugarren akusatuarentzat egin du zigor eskaerarik txikiena. Guztira, zortzi urteko kartzela zigorra eskatu du berarentzat, zelula terroristarekin kolaboratzeagatik eta bere osabarena zen furgoneta Younes Abouyaqoubi uzteagatik, “nahiz eta jakin produktu kimikoak erosteko eta garraiatzeko erabiliko zela”.
Auzipetuetako bi, atxiloketaren unean. Artxiboko argazkia: EFE
Herri akusazioen eskaerak
Auzian herri akusazio gisa parte hartzen ari diren AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak eta Martxoak 11 elkarteak, beren aldetik, espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatu dute hiru auzipetuetako birentzat. Hirugarren akusatuarentzat, ostera, 25 urteko kartzela eskera egin dute, talde terroristarekin kolaboratzea eta lehergaiak biltegiratzea egotzita.
Fiskalak ez bezala, AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak zigor hori eskatu du Driss Oukabirrentzat eta Mohamed Houlirentzat, Bartzelonan eta Cambrilsen 15 pertsona hiltzeagatik. Martxoak 11 elkarteak ere hilketa delituak gehitzen ditu bere behin-behineko ondorioen idatzian.
2015ean zelula jihadista bat eratu zuten Estatu espainiarrean atentatu terrorista bat egiteko helburuarekin. Ripollen bizi eta jatorri marokoarra zuten gazteek osatzen zuten taldea, nagusiki.
Taldeko buruzagia eta lider espirituala Abdelbaki Es Satty zen, erasoak gertatu baino egun bat lehenago Alcanarreko etxebizitzan izandako leherketan hil zen imama. Horrez gain, Houli zauritu egin zen. Leherketaren ondorioz, gazteek euren hasierako planak aldatu zituzten eta Bartzelonako Ramblan harrapaketak egitea erabaki zuten.
Fiskaltzak eta herri akusazioek Alcanarren etxean kokatu dituzte Oukabir eta Houli, eta lehergaien garraioan ere parte hartu zutela uste dute. Lehenengoari, gero Bartzelonan harrapaketak egiteko erabili zen furgoneta alokatzea leporatzen zaio; bigarrenari, Said Ben Iazzari, berriz, bere osabarena zen furgoneta bat uztea.