Gizartea -
IZENDAPENA
Itziar Larizgoitia izango da Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendari berria
Larizgoitiak hamarkada bat baino gehiago darama Osasunaren Mundu Erakundean (OME), mundu osoko osasun-zerbitzuak hobetzeko tresnen aholkularitzan eta diseinuan.
EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzak Itziar Larizgoitia izendatu du astearte honetan Osasun Publikoko zuzendari. Hamarkada bat baino gehiago darama lanean Osasunaren Mundu Erakundean (OME), mundu osoko osasun-zerbitzuak hobetzeko tresnak diseinatzen eta aholkularitza ematen.
Itziar Larizgoitiak Medikuntzako karrera egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU), eta prebentzio-medikuntzako espezialitatea burutu zuen. Osasun Publikoko Masterra egin zuen Glasgowko Unibertsitatean, eta Enpresen Nazioarteko Kudeaketako Masterra Genevako Unibertsitatean. Gainera, Osasun Publikoko eta Lehen Mailako Arretaren Kalitatearen Ebaluazioari buruzko Ikerketako doktoregaia da, John Hopkins Unibertsitatean.
Lan-ibilbidean 30 urte baino gehiagoko esperientzia du osasun-erakunde eta sistemetan. Esperientzia du pazientearen arreta medikoaren kalitatearen eta segurtasunaren hobekuntzan, baita osasun-erakundeen kudeaketa estrategikoan eta erabakiak hartzeari aplikatutako ikerketaren eta ebaluazioaren ekoizpena eta erabilera sustatzean.
Duela bost urtetik hona, Osasunaren Mundu Erakundean dago, OMEko zuzendari nagusiaren bulegoko ebaluatzaile seniorra baita. Aurretik, erakundean bertan, Pazientearen Segurtasunerako Ikerketa Programa zuzendu zuen, eta osasun-zerbitzuak ebaluatzeko tresnak eta osasun-teknologiak egiaztatu eta ebaluatzeko ekimenetarako tresnak diseinatu zituen. Era berean, zenbait gobernurekin egin du lan, osasun-politika publikoen diseinu estrategikoan.
Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak azken urteotan eta orain arte Juan Jose Aurrekoetxea Osasun Publikoko zuzendariak egin duen funtsezko lana nabarmendu du; eskerrak eman dizkio bere lan-ibilbideagatik eta herrialdearekiko konpromisoagatik funtsezko une honetan, COVID-19-aren pandemiaren sasoi honetan.