Gizartea -

Futbola

Espanyol taldeko bi jarraitzaileren aurkako kereila, Williamsi egindako irainengatik

Athleticeko jokalaria "oso pozik" agertu da Bartzelonako Fiskaltzaren erabakiarekin, "bi jarraitzaile horiek auzitara eramateagatik".

Iñaki Williams Athleticeko jokalaria, Espanyol taldearen aurkako norgehiagokan
Iñaki Williams Athleticeko jokalaria, Espanyol taldearen aurkako norgehiagokan
Iñaki Williams Athleticeko jokalaria, Espanyol taldearen aurkako norgehiagokan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irain arrazistengatik RCD Espanyol futbol taldeko bi jarraitzaileren aurka Bartzelonako Fiskaltzak ezarritako kereila ikertzen ari da Cornella de Llobregateko (Bartzelona) epaitegi bat. Hain zuzen ere, urtarrilean jokatutako norgehiagokan Iñaki Williams Athleticeko aurrelariari egindako irainengatik ikertuko dituzte bi gizon horiek.

Bartzelonako Gorroto Delituen Fiskaltzak aurkeztutako gisa horretako estreinako kereila da aipatutakoa, alegia, orain arte ez dute inoiz futbol zelai bateko harmailetan entzundako irainengatik neurririk hartu. Hala, oinarrizko eskubideen eta askatasun publikoen aurkako delituak egotzi dizkie biei Fiskaltzak, eta Cornellako instrukzioko bigarren epaitegiak tramitera onartu du kereila.

Espainiako Futbol Ligak Bartzelonako Fiskaltzan jarritako salaketa baten ondotik abiatu zuten ikerketa. Salaketa horren bidez azaldu zuten Iñaki Williamsek irainak jaso zituela zelaian, beste jokalari batengatik aldatu zuten unean. "Zapaltzea eta haren duintasuna mintzea zuten helburu oihu arrazistek", ministerio publikoaren arabera.

Zehazki, kereilak dio "uh, uh, uh, uh" garrasiekin agurtu zutela jokalaria, hots, tximuen hotsak imitatzen aritu zirela harmailetatik. "Behin baino gehiagotan erabili izan dituzte horrelako oihuak, hainbat herrialdetan, arraza beltzeko jokalariak iraintzeko", Fiskaltzak dionez.

Behin ikerketa abian zela, Esquadra Mossoek oihu horien egileak identifikatu zituzten, segurtasun kamerei eta Espanyol taldeak bi jarraitzaileei buruz emandako datuei esker.

Hasiera batean, hiru jarraitzaile identifikatu zituzten; horietako bat, baina, adingabea zen.

Williams "oso pozik" azaldu da

Iñaki Williams "oso pozik" agertu da Bartzelonako Fiskaltzaren erabakiarekin, "bi jarraitzaile horiek auzitara eramateagatik". Horixe da sare sozialen bidez gaur bertan esan duena, "urrats oso garrantzitsua" eman dutela iritzita.

"Gure gizartean aldaketak behar ditugu, eta hau da horietako bat. Azaleko kolorea, arraza eta ideologia gorabehera, uste dut guztiok garela berdinak, eta horregatik elkar errespetatu behar dugu", erantsi du.

Halaber, eskerrak eman ditu gai honekin lotuta jaso dituen babes eta animo mezuengatik. "Eskerrak eman nahi dizkizuet mezu guztiengatik. Besarkada bero bat", bukatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Athletic Futbola Kirolak Katalunia Bilbo Bizkaia Bartzelona Delituak Epaiketak Arrazismoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Iñaki Williams