Gizartea -

Koronabirusa

Lehia estatubatuarra txertoa ekoizteko: Pfizer vs Moderna

Bi konpainiak urratsak egiten ari dira COVID-19aren aurkako txertoa lortzeko bidean, baina zein fasetan daude? Zeintzuk dira bataren eta bestearen ezaugarriak?

Txertoa. Argazkia: Efe
Txertoa. Argazkia: Efe
Koronabirusaren aurkako txertoaren gerra komertziala

1:28

agencias | redacción

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pfizerren eta Modernaren COVID-19aren aurkako txertoak aurrerapausoak ematen ari dira onarpena eta nazioarteko zabalkundea lortzeko bidean emaitza baikorrak lortu ostean, baina oraindik zalantzak daude kostuaren, eskuragarritasunaren eta onarpenaren inguruan.

Duela astebete, Pfizer izan zen AEBko lehenengo farmazia enpresa COVID-19aren aurkako txertoaren hirugarren faseko proba klinikoen emaitzak publiko egiten, eta astelehen honetan gauza bera egin du Modernak.

3. fasea da txertoaren garapeneko fase aurreratuena, eta bi farmazia enpresak 30.000 boluntariotik gora ari dira erabiltzen probetarako. Batzuei txertoa ematen diete, besteei plazebo bat, eta ondoren erantzun immunologikoa zein den ikusten dute.

Hauek dira bi txertoen ezaugarri nagusiak:

-Teknologia:

RNA mezulariaren teknika berritzailea erabiltzen dute bi txertoek. RNA kateak sartzen dituzte gizakien zelulek deskodetu eta SARS-CoV-2aren aurrean organismoak erantzun immunologikoa emateko proteinak ekoizteko.

- Eraginkortasuna:

Txertoaren eraginkortasuna herritarrak gaixotasunaren aurrean prebenitzeko duen gaitasuna da, txertoa jaso ez dutenek birusaren aurrean ematen duten erantzunaren aldean. Modernaren txertoak % 94,5eko eraginkortasuna dauka une honetan, eta Pfizerrenak, % 90ekoa. Eraginkortasun maila altua da, tetanosaren edo polioaren aurkako txerto eraginkorren parekoa. Gripearen aurkakoaren eraginkortasuna % 45 ingurukoa da, urtearen arabera.

-Segurtasuna:

Modernaren txertoak ez du segurtasun arazo aipagarririk erakutsi, farmazia enpresaren arabera. Albo-ondorio larrienak "neurrizkoak" izan ziren, eta % 2,7ri bakarrik eragin zion mina, % 4,5i buruko mina, eta % 10i neke sentsazioa.

Pfizerren kasuan, "aje gogor bat" deskribatu zuten boluntarioetako batzuek, Fox Newsek egindako elkarrizketen arabera. Farmazia enpresak, hala ere, albo-ondorioak neurrizkoak direla eta egun gutxitan pasatzen direla adierazi du.

Datu horiek oso garrantzitsuak dira txertoaren oniritzia jasotzeko, AEBko arduradunek eta erreguladoreek baldintza guztiak betetzen dituztela badiote ere, txertoa horren azkar sortzeak herritarren artean kezka zabal lezakeelako.

-Kostua:

Bi farmazia enpresak txertoaren bi dosi emanda ari dira erantzun immunologikoa aztertzen. Txerto batetik bestera denbora tarte bat utzi, eta antigorputzen mailaren murrizketa neurtzen dute. Datu horiek erabakigarriak izan daitezke jakiteko COVID-19aren aurkako txertoa urtean behin eman behar den, gripearena bezala, eta zenbateko kostua izango duen. Bai Pfizerrek bai Modernak burtsan kotizatzen dute, eta inbertitzaileak kostuaren eta diru-sarreren zenbatekoak jakiteko irrikaz daude bi enpresek izan ditzaketen etekinak eta horrek akzioen prezioan izango duen eragina jakiteko.

Herrialde bakoitzak txerto mota bat jasoko du edo bat baino gehiago erabiliko ditugu?
Herrialde bakoitzak txerto mota bat jasoko du edo bat baino gehiago erabiliko ditugu?
Herrialde bakoitzak txerto mota bat jasoko du edo bat baino gehiago erabiliko ditugu?

1:24

-Kontserbazioa:

Pfizerren txertoak izozkailu aurreratuak behar ditu 0 azpitik 70 graduan edukitzeko, eta Modernarenak ohiko izozkailuetan biltegiratu daitezke.

Ezaugarri hori oso garrantzitsua da garraioa eta biltegiraketa merkatzeko, batez ere garapen bidean dauden herrialdeetan edo irisgarritasun zaileko eremuetan.

-Eskuragarritasuna:

Anthony Faucik, AEBko epidemiologo nagusi eta pandemiaren aurkako borrokaren buruak, NBCn egindako elkarrizketa batean esan du txertoa jasotzen lehenak arrisku taldekoak izango direla: osasun langileak eta adinekoen zentroak.

Alergien eta Gaixotasun Kutsakorren Institutu Nazionaleko zuzendari denak Modernarekin eta beste erakunde batzuekin egiten du lan, eta, horren ustez, abendu amaierarako egongo dira "eskuragarri" txertoaren dosiak "arrisku altuko pertsonentzat".

Andrew Cuomo New Yorkeko gobernadoreak aurre egin dio Donald Trump AEBko presidenteari, Etxe Zuriaren egitasmoak diru kontuak eta diru-sarrera handiko eremuetako banaketak lehenesten dituelako, eta autonomia eskatu du txertoa komunitate zaurgarrienetara iristen dela ziurtatzeko.

Birusa aldatzen ari da etengabe eta txertoak zepa anitzak hartu beharko ditu kontuan
Birusa aldatzen ari da etengabe eta txertoak zepa anitzak hartu beharko ditu kontuan
Birusa aldatzen ari da etengabe eta txertoak zepa anitzak hartu beharko ditu kontuan

1:40

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Industria farmazeutikoa