Gizartea -

Koronabirusa

Euskadik 1.069 positibo berri atzeman ditu eta Nafarroak 138

Positibo tasa % 7,2koa da EAEn eta % 6,7koa Nafarroako Foru Erkidegoan.

Osasun langile bat gizon bati proba bat egiten. Argazkia: EFE
Osasun langile bat gizon bati proba bat egiten.
Osasun langile bat gizon bati proba bat egiten. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19aren pandemiak 1.069 kutsatze berri utzi ditu azken orduetan Euskadin egindako 14.886 diagnostiko probetan, eta positibo tasa % 7,2koa da. Nafarroak, berriz, 138 kasu positibo berri atzeman zituen atzo, osasun sistema publikoan 2.065 proba egin ostean.

Osasun Sailak ostegun honetan jakitera eman dituen datuen arabera, EAEko kopuru horiek atzokoen oso antzekoak dira, 1.050 positibo atzeman baitzituzten, eta positiboen portzentajea % 7koa izan zen, txikiena hilabete batean.Gipuzkoak 478 kasu berri izan ditu, eta 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia 1.113,8 kasukoa izan da.Bizkaian 432 kasu zenbatu dituzte eta tasa 689,5 kasukoa da, eta Araban 136 kasu berri eta 534,5ko tasa dute. Atzo, gainera, ohiko bizilekua Euskaditik kanpo duten 23 lagunek eman zuten positibo.Une honetan, EAEko intzidentzia tasa metatua 781,5 kasukoa da 100.000 biztanleko, aurreko eguneko 799,4 kasuen azpitik. Adin tarteen arabera, 14 eguneko intzidentzia handiena 18 urte arteko pertsonen artean dago (812,6 kasu) eta 19 eta 39 urte bitartekoen artean (865,2).Kutsatu batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen erakusten duen R0 zenbakiari dagokionez, 0,86koa izan zen atzo, aurreko egunean baino hiru ehunen gutxiago. Adierazle horrek 10 egun daramatza etengabe jaisten.Ospitaleko presioa ere arindu egin da; izan ere, asteartean 622 pertsona zeuden ospitaleratuta, eta atzo, asteazkena, 610. Hori posible izan da zainketa intentsiboetako unitateetako gaixoak 137tik 133ra murriztu direlako eta ospitaleratze berri gutxiago (79tik 56ra) izan direlako. Une honetan 477 pertsona daude gela arruntetan, 8 gutxiago.Aldaketa gutxi izan dira, halaber, EAEko udalerrien egoera epidemiologikoan, aurreko egunarekin alderatuta. 500 kasutik gorako tasa metatua duten 59 udalerri daude oraindik. Agurain zerrendan sartu da, Araban, eta Usurbil atera da, Gipuzkoan.Bizkaian 26 herri daude kutsatu kopuru handieneko guneen zerrendan, Gipuzkoan 31 eta Araban 2.

Euskadiko intzidentzia epidemiologikoaren bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin taldeen araberako datuak ageri dira bertan.

Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeei dagokienez, 124 gela itxi dituzte COVID-19 kasuengatik, atzo baino bat gehiago, hau da, guztien % 0,71. Guztira, 84 ikastetxek dute ikasgelaren bat itxirik, hau da, bat gutxiagok, eta zentro bat bera ere ez dago erabat itxita.

LABI Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku batzordearen ostegun arratsaldeko batzarrean hartutako erabakien berri emango du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, hitzordua bukatutakoan. Iñigo Urkullu lehendakariak zuzendutako bilera horretan, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko hartutako neurriek izandako emaitzak aztertuko dituzte. Esan bezala, Sagarduiren agerraldia bilera bukatutakoan hasiko da, eta eitb.eus-en zuzenean emango dugu.

Lau hildako Gipuzkoako erresidentziatan

Bestalde, azken orduetan, lau adineko hil dira koronabirusarekin Gipuzkoako erresidentzietan. Pandemiaren bigarren olatua hasi zenetik 71 heriotza izan dira.

Gainera, beste 13 positibo detektatu dituzte PCR proben bidez, Donostiako Txara II, Lamarous eta Alai Etxe egoitzetan eta Zumarragako Argixao zentroan.  

Une honetan 174 adineko daude koronabirusarekin kutsatuta Gipuzkoako erresidentziatan.

Lau hildako Nafarroan

Astearteko igoera txikiaren ondotik, positibo berrien kopuruak behera egin du berriro Nafarroan. Zehazki, 2.065 proba (PCR eta antigenoen proba) egin eta 138 positibo atzeman dituzte, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren datuen arabera.

Hala, bosgarren egunez jarraian 200 kasutik behera zenbatu dituzte, abuztu amaieratik lehen aldiz. Kasuen beherakada gorabehera, positibo tasak gora egin du: % 5,6tik % 6,7ra.

Ikuspegi epidemiologikotik, pandemiaren bilakaerari dagokionez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak adierazi du atzo gaixotasun horrekin lotutako 10 ospitaleratze berri izan zirela, bat ZIUn, eta lau heriotza izan zirela, bi gizon eta bi emakumerenak, 81 eta 100 urte bitartekoak. Halaber, aurreko egunetan 82 eta 91 urte arteko hiru emakumeren heriotzak ere jakinarazi ditu. Beraz, gaixotasun horrek eragindako heriotzen kopurua, guztira, 819 da.Iruñean eta eskualdean positiboen % 43 erregistratu dituzte, Tuterako eremuan kasuen % 18 eta Lizarrako eremuan % 15. Gainerako positiboak (% 24) Nafarroako beste eremu batzuetan banatzen dira.

Kasu gehien pilatzen dituzten udalerri eta guneei dagokienez, baten ere ez da 10 positiboen langa igaro. Lizarran atzeman dituzte egun bakarrean kutsatze berri gehien (9), eta Cascante (8), Barañain (7) eta Cintruenigo (6) ageri dira ondoren. Iruñeko Arrosadia auzoak eta Tafallak osatzen dute zerrenda (5na positibo berri atzeman dituzte). Dena den, aipagarria da birusak gehien zigortutako Iruñeko auzoetan (Txantrea, Arrotxapea, Bigarren Zabalgunea...) izan den beherakada.

Erregistratutako kasuen banaketari dagokionez, adin tarteen arabera, talde nagusia 45 eta 59 urte artekoa da (% 24), eta ondoren 15 eta 29 urte artekoa (% 19). Jarraian, 15 urtetik beherakoak daude (% 18), eta 30-44 urte bitartekoak (% 17); 75 urtetik gorakoak, % 12 dira; eta, azkenik, 60 eta 75 urte bitartekoak, % 10. Kasu berrien batez besteko adina 40,3 urtekoa da.

Generoari dagokionez, kasuen % 50 emakumeak dira eta % 50 gizonak.Ospitale okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakinarazi duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 292 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arekin (atzo baino 24 gutxiago); horietatik 55 zainketa intentsiboetako postuetan daude (atzo baino hiru gutxiago) eta beste 42 etxean ospitaleratuta (atzo baino bi gutxiago). Gainerakoak, 195 gaixo, ospitaleetako gela arruntetan daude.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua, eguneroko datuen arabera, 38.160koa da Nafarroan.

Guztira, 127 ikasle konfinatu dituzte azken 24 orduetan Nafarroako ikastetxe publiko eta itunduetan. 1.228 ikasle daude etxean isolatuta, hau da, sare bietako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasle guztien % 1,98.

Gelaka, 62 talde daude 42 ikastetxetan. Bi zikloetako bizikidetza talde egonkor guztien % 1,78 dira. Beste 67 ikasle ikastetxeetara itzuli dira gaur, osteguna, hezkuntza presentziala jasotzen jarraitzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Iruñea Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Viana Burlata Albisteak Nafarroako Gobernua Medikuak Koronabirusa Alarma egoera Osasunbidea