Gizartea -
SEXU ABUSUAK
Umetan, udaleku batean, sexu abusuak jasan zituela kontatu du Maddalen Iriartek
Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren atarian, EH Bilduko buruzagiak artikulu bat argitaratu du.
EITB.EUS
Maddalen Iriarte EH Bilduko buruzagiak publiko kontatu du haurra zela, zazpi urte inguru zituela, sexu abusuak jasan zituela udaleku batean. Azaroaren 25ean ospatuko den Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren atarian "Ez naiz isilduko!" izeneko artikulua argitaratu du Vocento Taldeko egunkarietan. Abusuen biktima izan dela publikoki kontatzen duen lehen aldia da.
Vocento Taldeko egunkaria politika munduko buruzagien eta euskal erakundeetako kideen artikulu sorta argitaratzen hasi da azaroaren 25aren harira, eta Maddalen Iriarte izan da lehena.
Artikuluan dioenez, duela 50 urte inguru gertatu zen, udaleku batean. Ez du non gertatu zen eta nork egin zion kontatzen, baina gertaturikoak betirako markatu duela nabarmendu du: "Eta tatuaje honetarako ez dago laserrik! Hau ezin da ezabatu; edo nik ezin izan dut ezabatu". "Gaur egiten ari naizen eta beste noizbait egiten saiatu naizen ariketa honetan, oraindik eskuak dardarka jartzen zaizkit", azpimarratu du. Erasotzailea hilda dagoela aipatu du.
50 urte eta gero zergatik erabaki duen kontatzea ere azaldu du. Haren esanetan, era batera edo bestera, emakume guztiek jasaten dute indarkeria: "Ez dezagun pentsa beste batzuei gertatzen zaiela, beste leku batzuetan. Denoi gertatzen zaigu. Intimitatean edo ez oso urruti gertatzen da".
Salaketatik harago, emakumeenganako edozein indarkeria mota desagerrarazteko politika publikoak behar direla aldarrikatu du.
Iriarteren hitzetan, berdintasuna ez da gertatuko den zerbait, berdintasuna borrokatu egin behar da.