Gizartea -

Elkarrizketa

"Autodefentsa feministak ez ditu komandoak sortzen, emakumeak ahalduntzea du xede"

Maitena Monroy erreferentea da autodefentsa feministan. Indarkeriaz, patriarkatuaz eta emakumeen erresilientziaz mintzatu gara berarekin.

Hainbat emakume, elkar besarkatzen, autodefentsa feministako saio batean. Argazkia: Maitena Monroy
Hainbat emakume, elkar besarkatzen, autodefentsa feministako saio batean.
Hainbat emakume, elkar besarkatzen, autodefentsa feministako saio batean. Argazkia: Maitena Monroy

EIDER GARAIKOETXEA ORTIZ DE U | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ordu erdiko tartea du Maitena Monroy autodefentsa feministaren hezitzaile eta ekintzaileak elkarrizketa egiteko. Fisioterapia unitate batean egiten du lan, eta bere atsedenaldia baliatu dugu solaserako. Hitz eta pitz, espero baino gehiago luzatu zaigu mintzaldia, eta presaka egin dugu agurra, hainbat gai landu barik geratu zaizkigun sentsazioarekin. 30 urte pasatxo daramatza Monroyk autodefentsa feminista saioak ematen, Euskal Herrian zein Europako, Hego Amerikako eta Magrebeko hainbat herrialdetan. Luze jardun dezake gaiaz, feminismoaz, emakumeen kontrako indarkeriaz, matxismoaren egiturazko izaeraz...

Has gaitezen hasieratik: Zer da autodefentsa feminista? Nago adjektiboa ez dela ausazkoa, autodefentsa feminista izango da ala ez da izango...

Bai, hori da. Kontua ez da autodefentsa pertsonaleko teknikak ikastea. Hori oso ondo dago, eta nahi duenak ikas dezake. Guk gurea feminista dela diogunean da, indarkeria fiskoari aurre egiteko teknikak ikasteaz gain, patriarkatuak pertsona gisa, eta, noski, emakume gisa, nola eraiki gaituen identifikatzen ere ikasten dugulako. Sistema horrek gure nortasuna, gure nahiak eta gure lehentasunak zehazten ditu, eta estereotipoak eta rolak normalizatu egiten ditugu.

Ahalduntze ariketa egiteko sistema horrek emakumeak nola 'desahalduntzen' gaituen ikasi behar dugu, eta, era berean, ulertu behar dugu patriarkatuak gizonak 'gainahalduntzen' dituela. Horrek denak botere asimetria eragiten du, eta, egiturazkoa izateaz gain, bizitzako arlo guztietan ditu ondorioak. Are gehiago, desberdintasun hori naturala balitz bezala hartzen dugu. Horixe da koxka: zertaz defendatu behar garen identifikatzea (ez bakarrik indarkeria fisikoaz, baizik eta patriarkatuaren adierazpen guztiez).

Horregatik diogu autodefentsa feminista dela, teoria feministaren esparrua darabilgulako desberdintasun egoera hori aztertzeko: ikasi behar da zergatik gertatzen den eta hortik aurrera zer egin genezakeen.

Emakumeoi ez digute agresibitatea, indarkeria aitortu... Zenbaitetan, erantzuna ematea ere ukatu zaigu (menpeko, pasibo edo isilik nahi gaituzte).

Emakumeoi defentsa legitimorako eskubidea ukatu zaigu. Txikitatik esan digute: "Kontuz, kontuz! Ez itzuli etxera bakarrik!". Emakumeoi kanpotik datorkigu babesa, batez ere gizonen partetik.

Agresibitatea eta indarkeria ondo ezberdindu behar ditugu. Indarkeria kulturala da beti, eta suntsitzailea da; oldarkortasuna, berriz, giza emozio bat da, eta emakumeok ezeztatuta eduki dugu beti. Egin dezagun ariketatxo bat hori horrela dela agerian uzteko eta ekintzak baloratzeko darabilgun asimetria hori aitortzeko. Erantzun galdera honi: zein adjektiborekin definituko genuke bidegabekeriaren baten aurrean haserrea erakusten duen emakumea eta zeinekin gizona? Gizon baten kasuan, agian esango zenuke "izaera gogorrekoa" dela, baina emakumeen kasuan oso bestelakoak esan ohi dira: "histeriko hutsa dela, menopausian sartuta dagoela, egun berezi horietako batean egongo dela edo, izugarrikeriaren bat: txortaldi bat beharko lukeela...".

"Emakumeoi defentsa legitimorako eskubidea ukatu zaigu"

Zeure buruari agresibo izaten uzten ez diozunean, zaila da mugak jartzea, eta badu beste ondorio bat, eta hori agerian utzi du neurozientziak: tristuraren emozioa aktibatzen zaigula garunean. Hor daude datuak: depresio exogenoak (kanpoko faktoreek eragindakoak) pairatzen dituztenen % 70 emakumezkoak dira. Zifra horrek buruko gaitzen sistemaren alarmak pitzarazi beharko lituzke.

Beti esan digute emakumeak emozionalagoak garela, baina hori ez da egia. Patriarkatuak dikotomia ezartzen du denean: zer da emakumeena eta zer gizonena? Emakumeek zein emozio erakuts ditzakete? Bada, ahuldadearekin edo babesgabetasunarekin lotutakoak: tristura, hauskortasuna, ahultasuna... Eta gizonek? Sendotasunarekin lotutakoak, hala nola agresibitatea edota indarkeria.

Maitena Monroy hezitzaile feminista.

Monroy 13 urterekin hasi zen mugimendu feministan militatzen. Argazkia: Maitena Monroy

Dena dela, atentzioa eman zidan elkarrizketa batean Audre Lorden esaldi bat aipatzen zenuela horrekin lotuta: "Ugazabaren erremintek ez dute balio ugazabaren etxea eraisteko". Alegia, indarkeria ez dela indarkeriarekin konpontzen. Zein da gakoa orduan?

Mugimendu feministak eta feminismoek zerbait demostratu badute da gizarte mugimendu baketsua direla. Nik ez dut inoiz indarkeria proposatzen indarkeriari aurre egiteko. Autodefentsa feminista emakumeak ahalduntzeko ariketa bat da, baita defentsa legitimorako eskubide bat ere. 

Autodefentsa feministaren saioetan ez ditugu komandoak sortzen; ez luke inongo zentzurik, gainera. Erasotzaileak patriarkatuaren beso armatua lirateke, baina patriarkatua indarkeria baino gehiago da; honakoa, besteak beste: lehen aipatu ditudan sinismen horiek nola eraikitzen ditugun, genero nortasuna nola eraikitzen dugun botere asimetriarekin, nola eraikitzen den zer den gizon izatea eta zer emakume izatea, sexuaren arabera zer dagokigun...

Indarkeria desberdintasunaren adierazpen basatiena da, baina indarkeriari aurre egiteko patriarkatua ezabatu behar dugu, eta hori ez da komandoak sortuz lortzen. Berdintasuna oinarri duten balioak, narratibak, politika errealak eraiki behar ditugu.

Autodefentsa feminista ariketa teoriko-praktikoa da, feminismotik egindakoa, ulertzeko zergatik gertatzen den indarkeria. Ondoren, ahalduntze ariketak egiten ditugu, maila fisikoan zein kognitiboan.

Indarkeria matxista mota asko daude. Ukabilkadek baino min handiagoa egin dezakete indarkeria psikologikoak, jazarpenak, kontrolak... Nola defendatu horietaz?

Bada, aurrena, identifikatuta; izan ere, saioetara datozen emakumeek indarkeria matxista jasan ez dutela uste dute. Maiz esaten didate: "Niri inoiz ez zait ezer gertatu". Baina aztertzen hasten garenean, indarkeria matxista zer den identifikatzen dugunean, honakoa aitortzen didate: "Ene, bada zerbait gertatu zait bai! Normalizatuta nuen".

Indarkeria psikologikoa atzemateko, pare bat gidalerro emango ditut. Lehena, bikotekideak beldurra ematen badit edo bera haserrarazteko beldur banaiz. Hori horrela bada, zerbait ondo ez dagoen seinale. Bigarrena honakoa litzateke: mutil-lagunak bere emozioen erantzule egiten banau. Tratu txarrak ematen dituzten gizonek askotan esaten dituzte halakoak: "Zuk haserrarazten nauzu, zure erruz asaldatzen naiz...". Emakumea da harremanaren egoeraren erantzulea, baina baita gizonaren emozioena ere. Gezur handia da hori.

Tratu txarren emaileek askotan errepikatzen duten esaldi bat bada: "Zuk ikusi!". Holakoetan, ematen du emakumeak duela kontrola, baina hori ez da egia, esaldi horren atzean dagoen ñabardura beste hau delako: "Edo nik esandakoa egiten duzu edo ikusiko duzu".

Indarkeria psikologikoaren kasuan, arazo da ez dela "ez dut hori egitea nahi edo ez jantzi arropa hori". Dena modu sotilagoan hasten da, eta emakumea apurka-apurka menderatzen dute, eskailera bateko mailak igotzen joango balira bezala (paralelismo hori erabiltzen du Carmen Ruiz soziologo andaluziarrak). Gainera, emakumeak bere borondatez egiten du dena.

Horrela, indarkeria psikologikoa identifikatzen ikasi behar da aurrena, eta patriarkatua nire baitan ere badagoela ulertu: mundua ulertzeko dudan moduan, nire sinesmenetan, itxaropenean...

"Bada maiz errepikatzen dudan esaldi bat: Egin kasu zuen irizpideei"

Emakume askok, indarkeria psikologikoaren biktima direla jabetzerako, urteak eman dituzte euren burua baliogabetzen, isolatzen, euren burua ukatzen eta, batez ere, euren buruarengan konfiantza galtzen. Horregatik, maiz diot autodefentsa saioetan: "Egin kasu zuen irizpideei. Zuen baitan bonbillatxoa pizten bada, hausnartu. Gero, beharrezkoa bada, amatatuko dugu bonbillatxo hori, baina pizten bada, pentsatu: zer gertatzen ari da? zergatik ari naiz hau sentitzen? zer dago atzean?".

Ehunka kurtso eman dituzu. Zergatik hasi zinen honetan?

13 urterekin batu nintzen mugimendu feministara, indarkeria pairatu nuelako eta desberdintasuna ikusten duelako. Hiru neba eta hiru ahizpa gara, eta familia ezkerrekoa bada ere, nik ikusten nuen desberdintasuna. Are gehiago, garai hartan ez banekien ere, Rosa Luxenburgoren esaldi bat bota nion aitari: "Kalean patronalaren kontra zaude, baina etxean zu zara patronala".

Garaiko OHOko nire irakasle batek jakinarazi zidan bazela modua desberdintasun hori modu indibidualean ez ezik modu kolektiboan ere salatzeko, eta Basauriko Emakumeen Asanbladara batu nintzen. Gero, 16 urterekin, "emakumeentzako autodefentsa" eskolak (horrela deitzen genituen) emateko beharra zegoela ikusita, Bizkaian eta Euskal Herri osoan halakoak egiten hasi ginen. Hasieran, indarkeria fisikoari aurre egiteko teknikak ziren batez ere, baina segituan konturatu ginen hori ez zela nahikoa, emakumeek pairatzen genuen indarkeria batez ere psikologikoa zela. Are gehiago, hori baino lehen, txiki-txikitatik, badela terrore sexuala deritzonaren eraikitze bat. "Kontuz! Norekin zoaz? Zer egiten duzu? Ez joan bakarrik!" eta tankerako esaldiak botatzen dizkigute umetan, eta sentitzen dugu ez dugula ekiteko ahalmenik.

Urteen poderioz, hainbat erremintatan trebatu naiz, batez ere, teoria feministan, eta edukiak aldatzen joan naiz.

Autodefentsa feministaren saio bat

Sororitatea funtsezkoa da autodefentsa feministako saioetan. Argazkia: Maitena Monroy

Zer ikasi duzu urte hauetan?

Bada, ikasi dut, baita harritu ere, emakumeek erresilientzia —egoera traumatikoak gainditzeko ahalmena— ikaragarria dutela. Herri txikietan eman izan ditudan tailerretan denek ezagutzen dute elkar, baina hizketan hasten direnean, eta indarkeria pairatu dutela konturatzen direnean, oso harreman bereziak sortzen dira, elkarri horrelakoak esaten dizkiote: "Aibala, ez nekien hori gertatu zitzaizula... Nik ere ez nekien zurea". Sororitatea —emakumeen arteko aliantza edo babesa matxismoaren aurrean— agerian geratzen da, erresilientzia. Hots, onartzea gertatu zaidana gertatu zaidala, baina era berean, gauza piloa egin dudala nire bizitzaren lemari berriro heltzeko. Horixe da ahalduntzea.

Oharra: Elkarrizketa ez dago osorik. Hainbat gai eta erantzun beste erreportaje baterako gorde ditugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Indarkeria matxista Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa Feminismoa Sexu erasoak