Gizartea -

Mugikortasuna

42 milioiko inbertsioa egin dute Gipuzkoarako “giltzarri” diren lau bide-proiektutan

Olanoren esanetan, Azkoitia-Urretxu errepidean, Belabietako tunelean, 27. poligonoan eta Marrutxipin egingo dituzten lanei bultzada emango diete, inbertsio publikoaren bidez ekonomia susper dadin.

Markel Olano eta Aintzane Oiarbide, goizeko prentsaurrekoan. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
Markel Olano eta Aintzane Oiarbide, goizeko prentsaurrekoan
Markel Olano eta Aintzane Oiarbide, goizeko prentsaurrekoan. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundiak bide-mugikortasunerako "giltzarri" diren lau proiektu berraktibatuko ditu datozen hilabeteetan, inbertsio publikoaren bidez COVID-19aren pandemiak sortutako krisi ekonomikoari aurre egiteko.

Markel Olano ahaldun nagusiak ostiral honetan zehaztu duenez, Azkoitia-Urretxu errepidea (GI-631) berritzeko lanak, Astigarragarako 27. poligonorako irteera/sarrera berria, A-15ean Belabietako tunelaren obrak eta Marrutxipitik Donostiarako sarbide berria (GI-20 errepidean) dira lau proiektu horiek, eta 2021ean abiatuko dituzte guztiak. Guztira, 42 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo dute.

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuarekin batera emandako prentsaurrekoan, ahaldun nagusiak esan du garrantzi kualitatibo handiko proiektuak direla, Gipuzkoako errepide-sareko oinarrizko puntuetan trafikoaren arintasuna eta segurtasuna nabarmen hobetuko dutelako.

"Era berean, pandemiak sortutako krisi ekonomikoa aintzat hartuta, lan horien exekuzioa aktibatzeak inbertsio publikoa bultzatu du, Gipuzkoako jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren palanka gisa", adierazi du.

Olanok gogorarazi du, udaberriko konfinamenduak eragindako ekonomiaren geldialdiaren ondorioz, Gipuzkoako Aldundiak aurtengo aurrekontua murriztu zuela. Hala ere, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan akordioa lortu ostean (euskal erakundeen defizit-muga handitzea ekarri du), Bide Azpiegituren atalean "aurreikusitako inbertsioak aktibatzeko" prest agertu da aldundia.

"Egoera finantzarioa argituta, rol antiziklikoa joka dezakegu eta jokatu behar dugu, eta horrek jarduera ekonomikoa sortzea eta enpleguaren sorrera bultzatzea dakar. Gainera, funtsezko lanak bultzatuko ditugu mugikortasun segurua bermatzeko eta lurralde orekaren eta eskualdeen arteko fluxuaren ikuspegitik garrantzitsuak diren jarduerak sustatzeko ", azaldu du.   

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Krisi ekonomikoa Donostia Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Ekonomia Markel Olano Eguneko albisteak Azkoitia Albisteak Urretxu Goierriko albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia