Gizartea -

LARRIALDIAK

Alerta kimikoaren simulakroak Lantaron, Muskiz, Santurtzi, Zierbena eta Hernanin

Enpresa Kimikoen Euskal Elkarteak eta Segurtasun Sailak antolatutako simulakroak abenduaren 1, 2 eta 3an egingo dira.

Petronor, Muskiz (Bizkaia). Argazkia: EFE
Petronor, Muskiz (Bizkaia).
Petronor, Muskiz (Bizkaia). Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aveq-Kimika Enpresa Kimikoen Euskal Elkarteak, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren laguntzarekin, Lantaron (Araba), Muskiz, Santurtzi, Zierbena (Bizkaia) eta Hernaniko (Gipuzkoa) enpresetan larrialdi kimikoen sirenak aktibatzeko ariketak egingo ditu abenduaren 1, 2 eta 3an.

Mota honetako ariketen helburu nagusia da hurbileko biztanleak alarma-sistema horretara ohitzea, hain zuzen, SEVESO araudiaren menpeko industria kimikoetan sor litezkeen ihes toxikodun istripuei begira. Araudi horrek substantzia arriskutsuak tartean dauden istripu larrien prebentzioa arautzen du.

Lehenengo ariketa Lantaronen egingo da, abenduaren 1ean; hilaren 2an, Muskizen, Santurtzin eta Zierbenan (Punta Luceron, konkretuki) egingo dira, eta, azkenik, hilaren 3an, Hernanin.

Segurtasun Sailak azaldu duenez, ariketak osatzeko SOS Deiaken tresna berri bat aktibatuko dute: "Alderantzizko 112" aplikazioa.

“Alderantzizko 112” bidez sortutako autobabes abisuak bakarrik bidaliko dira ustezko larrialdiak eragindako eremuetan dauden gailuetara, betiere aplikazioaren GPSa aktibatuta badute.

Lantarongo ariketarekin batera, abenduaren 1ean, Segurtasun Saileko larrialdietako teknikariek barne simulakro bat egingo dute EAEko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan. Hipotesia honako hau izango da: kloro ihesa izan da DEKRITA SA enpresan, zisterna-kamioi bat deskargatzen ari zela konexio-hodi bat haustearen ondorioz.

Kloro-ihesek 3. kategoriako istriputzat hartzen diren hodei toxikoak sortzen dituzte, eta biktimak, kalte material edo ingurumen-aldaketa larriak eragiten dituzte industriaren kanpoko eremu zabaletan.

Ariketa honen helburua SOS Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak horrelako larrialdi baten aurrean ematen duen erantzun operatiboa aztertzea da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Santurtzi Bizkaia Gipuzkoa Araba Hernani Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Muskiz Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Abanto Zierbena Gaubea gaur Euskadiko Larrialdien Zentroa