Gizartea -
HIESAREN AURKAKO EGUNA
Osakidetzak 6.000 gaixori eman zien iaz erretrobirusen kontrako tratamendua
Iaz atzemandako kasu erdietan baino gehiagotan, diagnostikoa berandu egin zen. Hori dela eta, gaitza atzemateko probak egitearen garrantzia azpimarratu du Osasun sailburuak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Osakidetzak hiesa zuten 6.000 pertsona baino gehiagori eman zien iaz erretrobirusen kontrako tratamendua. Iaz atzemandako kasu erdietan baino gehiagotan diagnostikoa berandu egin zen eta kasu horietan gaixoen sistema immunologikoa oso kaltetuta zegoen.
Gauzak horrela, hiesa atzemateko probak garaiz egitearen garrantzia nabarmendu du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Are gehiago, proba lehenbailehen egitera animatu ditu arriskuko sexu harremanak dituztenak.
Hiesaren aurkako nazioarteko egunaren harira, sailburuak gogorarazi du gaur-gaurkoz preserbatiboa dela ez kutsatzeko bitartekorik onena.
Iaz GIBa atzemateko 2.040 proba azkar egin ziren Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) farmazietan, eta etxean 405 pro egin ziren. Halaber, 96 proba egin ziren Osakidetzaren kontsulta espezializatuetan, eta 129.080 xiringa kit banatu ziren farmazietan eta gobernuz kanpoko erakundeetan.
Pandemiak ondorio negatiboak izan ditu hiesaren aurkako borrokan
Tedros Adhanom Ghebreyesus Munduko Osasun Erakundeko (MOE) zuzendari nagusiak hiesaren aurkako nazioarteko egunaren bezperan adierazi zuenez, pandemiak zaildu egin du gaitz horren aurkako borroka, nahiz eta azken hilabeteetan egoerak onera egin duen.
"MOEren laguntzari eta osasun langile askoren lanari esker, hiesa duten gaixoak artatzeko zerbitzuan etena izan duten herrialde kopurua 30etik bederatzira murriztu da", azaldu zuen. Adituak gaineratu zuenez, dozena bat herrialdek arazoak dituzte erretrobirusen kontrako tratamendua emateko botikak eskuratzeko.
MOEren arabera, munduan 26 milioi pertsonak jasotzen dute erretrobirusen kontrako tratamendua, baina oraindik ere beste 12 milioi gaixo daude arretarik gabe.
Hiesari buruzko Nazio Batuen Programa Bateratuaren arabera, 2019an 1,7 milioi kasu gehiago atzeman ziren eta horiekin lotutako 690.000 heriotza izan ziren.
Iragan astean, erakunde horrek ohartarazi zuen pandemiak hiesaren aurkako borrokan izan duen eragin negatiboak 69.000 eta 148.000 heriotza inguru eragin ditzakeela 2020 eta 2022 urteen artean.