Gizartea -

Koronabirusa

Estatu-akordio baten izenean, hainbat neurri malgutzeko prest azaldu da Jaurlaritza

Zupiriak azaldu du Jaurlaritzak ez duela iritzia aldatu, eta mugikortasuna eta bilkurak "ahalik eta gutxien" izatea komeni dela, baina Espainiako Estatu guztian arau berak egon behar direla uste du.

Zupiria, aurreko agerraldi batean. Argazkia: EFE
Zupiria, aurreko agerraldi batean.
Mugikortasuna eta bilerak ahalik eta gehien murriztu behar direla uste du Jaurlaritzak

1:37

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, Gabonetan mugikortasuna eta jende pilaketak ahalik eta gehien murriztu behar ditugu, baina azaldu du Jaurlaritza prest dagoela hainbat neurri "malgutzeko" horrek Espainiako Estatu mailan "gutxieneko akordio bat lortzen laguntzen badu". 

Gobernu bileraren ondotik egin ohi duen agerraldian, Zupiriak azalpenak eman ditu atzo LABIren Aholku Batzordeak egindako bileraren inguruan. Argitu du Jaurlaritzak lehengo lepotik duela burua, hau da, mugikortasuna eta beharrezkoak ez diren bidaiak "ahalik eta gehien murriztea" babesten duela eta jende pilaketak saihestearen alde dagoela.

Dena dela, zehaztu du Jaurlaritza "malgutasuna edukitzeko" prest dagoela, horrek Espainiako Estatu mailan "gutxieneko akordio bat lortzeko laguntzen badu". Ildo horretan, azaldu du malgutasuna Gabonetan bil daitezkeen pertsonen kopuruan (seitik 10 izatera igarotzea") eta mugikortasun maila handitzearen alorrean ezarri nahi dutela.

"Mesedegarria litzateke, jende gehiago etor litekeelako, baina hori da salbuespen bakarra garai horretan izango ditugun murrizketa zorrotzen artean", nabarmendu du.

Jarduera soziala amaituta 21:00etarako

Horren harira, gogorarazi du jarduera komertzial, kultural eta sozialak 21:00etarako amaituta beharko duela, eta 22:00etarako etxean egon beharko dugula. Hori horrela, ezingo gara taldean poteoan ibili, eta ez da San Tomas azokarik izango, ezta Erregeen kabalgatarik edo Olentzeroren desfilerik ere. "Gauza asko faltako dira, eta horrela behar du", erantsi du.

Zupiriaren hitzetan, LABI Aholku Batzordeak ez zuen Gabonei begirako neurririk hartu, eta asteazkenean Espainiako Gobernuarekin eta erkidegoekin dagoen bilerara eraman beharreko irizpidea zehaztera mugatu zen.

Jaurlaritzak uste du Estatuko 17 erkidegoek arau berak izan behar dituztela Gabonetan, "izaera pedagogikoa" izan dezan.

Etxeratze-agindua hainbat astez luzatuko dute

Bestalde, ohartarazi du 22:00etatik 06:00etara ezarritako etxeratze-agindua "hainbat astez" luzatuko dutela, abenduaren 24ko eta 31ko salbuespenak salbuespen. Horietan egunetan 01:00a arte egongo da baimenduta zirkulazioa.

Gainera, Zupiriak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren asmoa dela familiek ahalik eta talde txikienak osatzea, nahiz eta prest dagoen neurri hori "nolabait malgutzeko". Estatuarekin COVID-19aren aurkako neurriei buruzko akordioa lortzearen truke.

Halaber, berretsi du zentzuzkoena litzatekeela Estatu osora zabaldutako "irizpide orokor batzuk" zehaztea, "balio pedagogikoa izango lukeelako eta eraginkortasun are handiagoa izango litzatekeelako".

"Prest gaude neurriak malgutu eta akordio batera iristeko", esan du azken orduetan Jaurlaritzak izan duen jarrera aldaketa arrazoitu nahian edo. Izan ere, Gabonetan hamar pertsona arteko taldeak osatzearen "alde" agertu zen atzo Jaurlaritza, duela egun batzuk kontrakoa proposatu bazuen ere.

Alabaina, argi utzi du zirkulazioarekin eta familia-taldeekin lotutako neurrien malgutasuna litzatekeela "salbuespen bakarra", gainerakoan "irizpide oso zorrotzak" ezarriko baitituzte Gabonetan ere.

Ostalaritza

Jaurlaritzako bozeramaileak gogora ekarri du LABI abenduaren 9an bilduko dela berriro, eta pandemiaren bilakaeraren eta Estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko bileran lortzen diren akordioen arabera hartuko dituztela neurri murriztaileen gaineko erabakiak.

Ostalaritzaren itxierari buruz ere horixe bera esan du, alegia, datorren asteko asteazkeneko bileraren zain daudela, eta osasun egoerak ere izango duela horretan zerikusirik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gabonak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa Alarma egoera LABI bilera gaur