Gizartea -

DOKTORETZA TESIA

"Etxeko zerbitzuko lan esplotazioa datuek erakusten dutena baino zabalduago dago"

Leire Berasaluze EHUko Kriminologiako lehen promozioko ikasleak egin duen doktoretza tesian, etxeko zerbitzuaren eremuan dagoen lan esplotazioan sakondu du.

Leire Berasaluze. Argazkia: EHU
Leire Berasaluze
Leire Berasaluze. Argazkia: EHU

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datu ofizialek erakusten dutena baino zabalduago dago lan esplotazioa Espainian, etxeko zerbitzuaren sektorean. Hori ondorioztatu du Leire Berasaluze EHUko Kriminologiako lehen promozioko ikasleak bere doktoretza tesian.

"Lan esplotazioa xedez eginiko gizakien salerosketa eta biktimak babestea: arreta bereziki etxeko zerbitzuaren eremuan jarrita" izenburupean,  etxeko zerbitzuaren esparruan gertatzen diren laneko esplotazioko kasurik larrienetan jarri du arreta Leire Berasaluzek.

Doktoretza tesiaren egileak ziurtatu duenez, gaur-gaurkoz oraindik oso gutxi ikertu da lan esplotazioa helburu duen gizakien salerosketa: "Espainiako ordenamendu juridikoan gai horren inguruko kasu batzuk planteatu badira ere, kondena epaiak ez dira asko".

Halaber, nabarmendu du zaila dela arazo hori zenbakitan jartzea, besteak beste, sektore horretan ezkutuko ekonomia oso zabalduta dagoelako eta, lana etxebizitzen barruan gauzatzen denez, lan kontraturik ez egotea eta paperik ez duten pertsonek lan egitea ahalbidetzen duelako.

Ikerlariaren iritziz, lantokia bera da lan esplotazioa errazten duen faktoreetako bat. Horrez gain, beste hainbat aipatu ditu: "enplegatzailearen eta enplegatuaren arteko botere aldea, etxeko zerbitzuaren inproduktibitate ekonomikoa, immigrazio irregularra eta egin beharreko zereginen heterogeneotasuna.

Zuzenbideko doktore berriak ganeratu duenez, nazioartean 2000. urtetik gizakien salerosketari buruzko definizio zabala aplikatzen bada ere, Espainiako ordenamendu juridikoan ohikoa izaten da salerosketa ikuspegi mugatu batetik jorratzea. Horren hitzetan, tratamendu bereizi horrek ondorio nabarmenak ditu biktimentzat aurreikusitako laguntza neurrietan.

Estatuko Fiskaltza Nagusiak 2019an argitaratutako datuei erreparatuz gero, 2013tik 2018ra bitartean 1.181 biktimak pairatu dute sexu esplotazioa xede zuen gizakien salerosketa, eta 594k, berriz, lan esplotazio helburu zuen salerosketa. Horietatik % 14 etxeko zerbitzuaren salerosketaren biktima dira.

Egoera horren aurrean eta errealitatea ezagutzeko, ikerketa sustatzearen beharra nabarmendu du Leire Berasaluzek. Zehazki, etxeko langileen errealitatea, etxeko langileen elkarteak, sindikatuak, emakumeen eta etorkinen elkarteak, eta biktimei laguntza ematen dieten gobernuz kanpoko erakundeak ezagutu nahi ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU albisteak Lana Delituak bideoak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Matxismoa Eskubide unibertsalak