Gizartea -

Giza eskubideak

Eusko Jaurlaritzak Carlos Martin Beristaini eman dio aurten Rene Cassin saria

Mediku eta psikologian doktoreak "giza eskubideak sustatzen eta defendatzen lagundu du hainbat hamarkadatan, munduko hainbat lekutan".

Carlos Martin Beristain. ETBren bideo batetik lortutako argazkia.
Carlos Martin Beristain
Carlos Martin Beristain mediku eta psikologo bilbotarra da aurtengo René Cassin saria

1:21

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak Carlos Martin Beristain mediku eta psikologian doktore bilbotarrari eman dio aurten Rene Cassin saria, "hainbat hamarkadatan eta munduko hainbat lekutan giza eskubideak sustatzen eta defendatzen lagundu duelako", Beatriz Artolazabal Berdintasun sailburuak ostiral honetan iragarri duenez.

"Euskal herritar unibertsal eta nekaezin" gisa definitu du Artolazabalek saritua, epaimahaiak Martin Beristain izendatu eta gero.

"Erabat egokitzen da sariaren printzipioetara egiten duen lana; alegia, erabat hautsita dauden eta gatazka bortitz larriek astindu dituzten gizarteetako biktimen memoria berreskuratzeko eta haiei laguntzeko lana, bai eta irakaskuntzako, ikerketako eta giza eskubideen urraketa larrien prebentziorako lana ere", esan du epaimahaiak.

Martin Beristainek saria jaso du, "Euskadin, Saharan edo Latinoamerikan —besteak beste, Guatemalan edo Kolonbian— giza eskubide guztiak defendatzeagatik", nabarmendu du Artolazabalek, eta, esan duenez, "posible da zure herrian profeta izatea".

Saria urtero ematen du Eusko Jaurlaritzak, eta Iñigo Urkullu lehendakariak emango dio, ostegunean, abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean. Ekitaldia Lehendakaritzan izango da. Martin Beristainen hautagaitza Argituz Giza Eskubideen Aldeko Elkarteak proposatu du.

Carlos Martin Beristain

Carlos Martin Beristainek esperientzia handia du munduan biktimen arreta psikosozialean; aholkulari izan da hainbat herrialdetan zenbait egiaren batzordetan, eta Guatemalako Memoria Historikoa Berreskuratzeko txostena koordinatu zuen.

Saritua, gaur egun, Egiaren Batzordeko kide da Kolonbian, bai eta Ayotzinapako (Mexiko) 43 normalista desagertuen kasurako Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarreko Aditu Independenteen Diziplinarteko Taldekoa ere.

Euskadin, Glencree esperientziaren bideratzailea izan zen, hainbat eragileren biktimen arteko topaketakoa, eta 1960 eta 1978 artean giza eskubideen indarkerien biktimen balorazio-batzordeko kidea, Eusko Legebiltzarrean.

Kanpaina

'Gaur, inoiz baino gehiago, kutsatu elkartasuna! Zure eskubideak, guztionak' da Eusko Jaurlaritzak datorren abenduaren 10ean Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzeko aukeratu duen leloa, Josa Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak gaur aurkeztu duen bezala.

"Guztiok gara Euskadi eta mundu humanoagoa, bidezkoagoa eta jasangarriagoa izateko gizarte-eraldaketaren eragile. Elkartasuna da COVID-19aren aurkako txertorik onena", esan su sailburuordeak. "Giza eskubideek ageriko dimentsio indibiduala dute, baina, batik bat, dimentsio kolektiboa eta komunitarioa. Kontua ez da nire eskubide indibidualak errespetatzea, babestea eta bermatzea. Kontua, batik bat, guztion eskubideak errespetatzea, babestea eta bermatzea da", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Euskadi Sariak Giza eskubideak